Sindikatuentzat ez da nahikoa Osakidetzako azterketak berriz antolatzea

2018ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Sindikatuek esan dute Osakidetzak oposizioetako azterketen inguruan hartutako erabakia ez dela nahikoa, eta «iruzurtzat» eta «surrealistatzat»hartu dute. ESK-k, ELAk, LABek eta UGTk adierazi dute motz geratu dela azterketak hiru espezialitatetan soilik errepikatzeko neurria, hemeretzi espezialitatetan antzeman baitituzte irregulartasun zantzuak.

Maria Jesus Mugika Osakidetzako zuzendariak herenegun azaldu zuen anestesiako, kardiologiako eta angiologiako azterketak berriro eginaraziko dituztela, baina sindikatuek «onartezintzat» jo dute hori. Osakidetzari leporatu diote oposizioetan egondako «akatsak» benetan «filtrazioak» direla ez aitortu izana.

Marta Macho anestesista ere kritiko azaldu da. Beste hainbat medikurekin batera, jendaurrean salatu zituen Machok oposizioetako irregulartasun zantzuak; haren ustez, «akatsa» ereduan dago, ez azterketetan. Machorekin batera salaketa plazaratu zuten medikuek esan dute «sistema osoa zalantzan» dagoela, eta egoerak ezin duela horrela jarraitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.