La Sirena aterpetxea urte osoan zabaltzeko eskatu diote Donostiako Udalari

Muturreko tenperatura baxuak izan arren, Hiritarron Harrera Sareak salatu du Donostiako La Sirena aterpetxea «lau gauetan bakarrik» ireki dutela. Azpiegitura horretako baldintza «urriak» eta ordutegi «murritza» ere kritikatu dituzte.

Etxegabe bat Donostian. JON URBE / FOKU
Etxegabe bat Donostian. JON URBE / FOKU
14789412 kepa
2026ko urtarrilaren 7a
12:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Muturreko tenperatura baxuak eta elurra ohiko bilakatu dira egun hauetan, eta gaua igarotzeko lekuen premia are handiagoa da kalean lo egiten dutenentzat. Horri erreparatuz, Hiritarron Harrera Sareak salatu du Donostiako La Sirena aterpetxea ez dela nahikoa egoerari aurre egiteko, baliabide hori «lau gauetan bakarrik» ireki baitute. Gaineratu dutenez, berrogei lagunentzako tokia baino ez dago La Sirenan, eta hori da udalak duen aterpe bakarra. Bien bitartean, «bostehun pertsonak baino gehiagok» lo egiten dute kalean Donostian.

«Udalak badu errealitate horren berri, eta, egoera hori ikusita ere, ez du beste irtenbide edo eremu osagarririk irekitzea aurreikusi pertsona zaurgarrien beharrei aurre egin ahal izateko». Hiritarron Harrera Sareak gogorarazi duenez, azken hilabeteetan, Donostiako kalean lo egiten zuten bi pertsona hil dira. Hori dela eta, zera uste dute: «Beharrezkoa da neurri eraginkorrak hartzea, ezbehar gehiago gerta ez daitezen».

Berrogei lagunentzako tokia baino ez dago Donostiako La Sirena aterpean, eta hori da udalak duen mota horretako azpiegitura bakarra. Bien bitartean, «bostehun pertsonak baino gehiagok» lo egiten dute hiriko kaleetan

Era berean, La Sirena aterpetxearen baldintzak «oso urriak» direla salatu dute. «Lehenengo gauean ez zituzten berogailuak martxan jarri, ez zebiltzalako, eta gaua pasatzera joan zirenei manta mehe bat baino ez zieten eman. Aterpe barruan kalean baino hotz handiagoa pasatu zuten», nabarmendu dute Harrera Sareko kideek. Udal azpiegitura horretako ordutegien inguruan ere desadostasuna adierazi dute; izan ere, 22:00etatik 08:30era baino ez dute zabaltzen, eta gainontzeko orduetan erabiltzaileak «kale gorrian egotera behartzen» dituzte.

Hori dela eta, udalaren «jarraitutasun eta aurreikuspen falta» kritikatu dute, eta La Sirena «negu osoan ez ezik, urtean zehar ere» irekitzeko eskatu. «Batzuetan, egunean bertan jakiten dute aterpetxea irekiko dutela, eta horrek ezinegona eta babesik eza sortzen die pertsona zaurgarriei».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.