Ondorioak larritzeko modukoak dira: Osakidetzan hutsune nabarmenak daude txertoen banaketa eta kontrol sisteman. Larriena da sistemaren urrats guztietan atzeman dituztela zuloak. Zulo guztiek bat egiten dutenean, sistema osoak huts egiten du. Emaitza: txerto iraungien auziaren neurriko arazo bat eta krisi bat.
Deigarria da txertoen trazabilitate falta. Gaur egun, oinarrizko baldintza da behar bezalako trazabilitatea izatea produktu eta elikagai askotan, egiten duten bidearen hasieratik bukaerara arte. Baina barra kodeen eta QR kodeen garaian, Osakidetza ez da gai txertoen ibilbide guztia —erosten dituenetik herritarrei jartzen dizkion artekoa— kontrolatzeko eta hari jarraitzeko.
Txerto hexabalenteak, gainera, iraungitze datatik normalean baino gertuago zeudela bidali zituen erakunde sanitario integratuetara. 6.536 dosi sei hilabete baino gutxiagoren buruan iraungitzekoak zirenak. Eta are okerrago: txertoak iazko urrian iraungitzekoak zirela jakinda ere, Osakidetzak irailean eta urrian bertan bidali zituen dosi batzuk. Hala ere, ez zuten txerto horien jarraipenik egin. Azaroan, abenduan eta urtarrilean txerto iraungiak jarri zituzten. 2026. urtean, ez dute txerto bat edo botika bat iraungitzear dagoela abisatzen duen sistemarik.
Arduratzeko modukoa da ikustea nola jabetu diren sistemaren oinarrizko gabeziez. Txerto iraungiak jarriak zituztela jakin eta gero, Osasun Sailak Txertoen Ikerketa eta Trazabilitate Batzordea sortu zuen, zer gertatu zen jakiteko eta txertoen banaketa sistemaren gabeziak atzemateko. Eta batzorde horrek hiru aste nahikoa izan ditu ikusteko eta ondorioztatzeko urteetan indarrean egon den sistemak gabezia nabarmenak dituela. Gabeziak, ez hutsegiteak. Egiturazko gabeziak.
Alberto Martinez Osasun sailburuak eta haren taldeak badute erantzukizuna. Baina ezin zaie haiei egotzi hutsegiteen eta hutsuneen erantzukizun guztia. Txertoen sistema aspalditik dago indarrean, eta orain azaleratu dira haren gabeziak eta hutsuneak. 2017an ere txerto iraungiak jarri zituzten, jakinarazi dutenez.
Orain azaleratutakoak kezkak eta galderak sortu ditu: indarrean dagoen sistemak ez baldin badu bermatzen herritarrei txerto iraungirik ez jartzea, zenbat herritar daude beharrezko babesik edo immunitaterik ez dutenak txerto iraungiak hartzeagatik?
Txertoak oinarrizko osasun produktuak dira, herritarren eta gizarte osoaren osasunerako funtsezkoak, eta haien garrantziak ardura, zorroztasuna eta eraginkortasuna eskatzen ditu. Txertoak hartzen dituzten herritarrek konfiantza dute sisteman, eta txerto iraungiak jartzeak konfiantza hori urratzen du. Osasun Sailaren datuen arabera, iaz jarritako 168.000 txertoetatik %99,85 ondo jarri zituen, baina gaizki jarritako %0,15 horiek nahikoa dira herritarrek konfiantza galtzeko, eta herritarren konfiantza lortzeko txertorik ez dago.