Aita Mari ontziak kasik astebete igaro dute porturatu ezinik; azkenik, baina, izan du kostaldera iristea. SMH Itsas Salbamendu Humanitarioa gobernuz kanpoko erakundearen erreskate ontziak 105 migratzaile hartu zituen joan den asteartean, hilaren 19an, Maltako uretan. Horietako hogei adingabeak dira. Maltako Gobernuak ez zien baimenik eman bertan porturatzeko; Siziliako Trapanin erdietsi dute, astelehenean.
Oraintxe, COVID-19ari loturiko protokoloa ari dira ezartzen Trapaniko portuan. Gaitza atzemateko testak egiten ari zaizkie Aita Mari-n ziren migranteei eta GKEko boluntarioei. Oraingoz, hamasei lagunek eman dute positibo –adingabeak dira horietatik lau–. Dena dela, ontziko arduradunek azaldu dutenez, kasu guztiak asintomatikoak dira.
Aita Mari-n igaro dituzten egunetan, arduradunek kontatu dutenez, migranteek Libian jasandako kanporatzean pairatutakoak azaldu dituzte. Torturak eta jipoiak salatu dituzte, besteak beste. Halaber, GKEko boluntarioek gaitzetsi egin dituzte berriz ere Europako migrazio politikak, trabak jarri baitizkiete porturatzeko.
Jakinarazi dutenez, Aita Mari Italiako Kanpo Osasun Ministerioak zer erabakiko zain dago oraintxe. Agintariek jakinarazpenik izan bitartean, erreskate ontziak portuan segituko duela azaldu dute. Gainera, oharrean emandako informazioaren arabera, litekeena da hamar eguneko berrogeialdia egin behar izatea. Heldurik gabeko migratzaile adingabeak adingabeentzako zentro batean bakartuko dira. Helduak, berriz, ferry batera eramanen dituzte, konfinamendua egin dezaten. «Aspaldi ez bezala, ohe idor eta seguru batean hartzen ahalko dute atseden», azaldu dute boluntarioek.