'SOILIK BAIETZ DA BAIETZ' LEGEA

'Soilik baietz da baietz' legearen erreforma onartu dute, PSOEk PPrekin adostuta

Aldeko 233 boto izan ditu legearen aldaketak, aurkako 59, eta 4 abstentzio.

Irene Montero Berdintasun Ministroa eta Ione Belarra Eskubide Sozialen eta 2030erako Agendaren ministro, kongresuan, gaur goizean. ZIPI ARAGON/EFE
jone arruabarrena
2023ko apirilaren 20a
12:08
Entzun 00:00:00 00:00:00

PSOEk Soilik baietz da baietz legeari otsailean aurkeztutako erreforma proposamenak egin du aurrera, PPren babesarekin: kondena murrizketak saihesteko, sexu erasoen zigor tarteak zabalduko eta igoko dituzte, erasoetan bortizkeria edota larderia dagoen kasuetan. Gaur goizean izan da erreforma eztabaidatzeko saioa Espainiako Kongresuan eta Irene Montero Berdintasun ministroak esan du erreformak «hainbat urteko atzera pauso bat» ekarriko duela «emakumeen eskubideetan», eta ez duela kondenen murrizketen arazoa konponduko. EAJk ere babestu du erreforma; EH Bilduk, aldiz, aurka egin du. Hain zuzen, aldeko 233 bozka izan ditu legearen aldaketak; aurkako 59 eta 4 abstentzio.

Monterok azaldu duenez, Berdintasun Ministerioa «azkenera arte» negoziatzen saiatu da PSOErekin: «Zigorrak igotzea nahi zenuten, eta egin genizuen azken proposamenean zigor horiek igo genituen, zuek proposatzen zenutena baino gehiago, gainera. Hala ere, ez zenuten onartu». Koalizioko gobernua osatzen duen Unidas Podemosekin egin ordez, PPrekin erreforma adostu izana leporatu dio PSOEri: «Onespena antzerki bat dela esaten dutenekin ari zarete legea adosten».

PSOEko Andrea Fernandez diputatuak, berriz, adierazi du PPrekin adostu arren, «sentsazio gazi-gozoa» geratu zaiola alderdi horrekiko: «PPko diputatuek lan handia egin dute erreforma hau adosteko, baina, bestalde, Alderdi Popularrak hilabeteak daramatza indarkeria sexualetik etekina atera nahian». Besteak beste, esan du eztabaida «polarizatzeko», «kanpaina morbosoak» egin dituela, eta «beldurra zabaltzea» izan duela helburu. Hala eta guztiz ere, PPrekin erreforma adostu du PSOEk, baina aurreko egunetan defendatu duten bezala, Fernandezek adierazi du soilik «zuzenketa teknikoak» adostu dituztela.

«Guztiz erratu zarete erreforma honekin», adierazi du Bel Pozueta EH Bilduko diputatuak. Unidas Podemosek egin duen bezala, eskuinarekin adostea egotzi dio PSOEri: «Nola liteke egokiagoa izatea emakumeak babesteko erreforma bat PPrekin adostea, koalizio feministekin adostu beharrean?». Iruñeko sanferminetan 2016an izandako talde bortxaketa ere ekarri du gogora: «Orduko hartan emakumeok esan genuen nahikoa zela, kalera atera ginen. Eta borroka horren fruitua da lege hau, orain erreformarekin bertan behera utzi duzuena». Horrekin batera, PSOEk ezkerreko alderdiekin negoziatzeari eman dion «ezezko borobila» salatu du, «bazekielako PPren babesa izango zuela».

«Lege on bat»

EAJk ere babestu du erreforma. Mikel Legarda diputatuak azaldu du ez dituela «zalantzan» jartzen legearen alde onak: «Biktimen babesari dagokionez ekarpen handia egin du, baina denbora behar du bere ibilbidea egiteko». Hala ere, zuzenketa beharrezkotzat jo du: «Legearen alde onak mantendu ditugu, eta, aldi berean, zeukan akatsa zuzendu».

Bide beretik, PSOEko diputatuak adierazi du «lege on bat» dela, eta jada «eragin positiboak» izaten ari dela. Besteak beste, aipatu ditu legearen bidez martxan jarri diren indarkeria matxistaren biktimei arreta emateko zentroak. Monterori ere zuzendu zaio: «Berdintasunerako bidean beti aurkituko gaituzue». Hala ere, gehitu du zigorren murrizketen arazoa «zuzendu beharra» zegoela, eta legeak «aurrera» jarraitzeko «beharrezkoa denekin» hitz egingo dutela. Onespenari dagokionez, legean azaltzen den haren definizioan «ezertxo ere» aldatu ez dutela nabarmendu du.

Izan ere, onespen kontzeptua izan da legearen erreforman gehien eztabaidatu den kontzeptuetariko bat. Berdintasun Ministerioaren arabera, PSOEk egindako aldaketa horrek zentralitatea kentzen dio onespenari, eta, gainera, ez da eraginkorra. Gainera, Berdintasun Ministerioak adierazi duenez, «aurreko legedira» itzultzea ekarriko du erreformak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.