Soldatak igotzea, lan kargak eta jarduna murriztea eta kontziliazio neurriak hobetzea dira Osakidetzako langileen eskaera nagusiak

ELAk salatu du lan baldintzak arautzeko akordioak hamabost urte daramatzala berritu gabe. Pradalesek agindutako jarrera aldaketa ezerezean geratu dela eta, ez dute baztertu mobilizazioak egitea hobekuntzak lortzeko.

ELA sindikatuko ordezkariak, gaurko agerraldian. BERRIA
ELA sindikatuko ordezkariak, gaurko agerraldian. BERRIA
kristina martin
2025eko azaroaren 3a
15:28
Entzun 00:00:00 00:00:00

ELA sindikatuak salatu duenez, Osakidetzak hamabost urte daramatza langileen Lan Baldintzak Arautzeko Akordioa berritu gabe. ELAren esanetan, urte hauetan Eusko Jaurlaritzarekin izandako negoziazioak antzuak izan dira. Hori dela eta, plataforma propioa eratuko du langileen eskaerak negoziatzeko.

Sindikatuak azaldu duenez, negoziatzeko plataforma horretan taula bat osatuko dute langileek adierazitako eskari nagusiak kontuan hartuta. Izan ere, ELAk galdeketa bat egin du Osakidetzako lanpostu eta lan egoera desberdinetako langileen artean, eta 1.500 langilek erantzun dute. Erantzun horiek «agerian uzten dute berehalako hobekuntzak behar direla soldatetan, lan kargetan, lanaldian eta kontziliazio neurrietan».

ELAk gogorarazi duenez, 2024an, Imanol Pradalesen legegintzaldiaren hasieran, Eusko Jaurlaritzako lehendakariak jarrera aldaketa bat agindu zuen. Baina, sindikatuaren arabera, ezerezean geratu da, eta ez dute aurrerapausorik egin mahai sektorialean izandako negoziazioetan. Areago, salatu duenez, «Osasun Sailak akordioaren negoziazioa zatitu nahi du».

Hain zuzen ere, zatiketa horren aurka azaldu da ELA, negoziazioa bera luzatuko duelako. Sindikatuaren arabera, onartezina da negoziazioa luzatzea, «kontuan hartuta Osakidetzan behin-behinekotasuna %50etik gorakoa dela [27.000 langile], erosteko ahalmenaren galera metatua %20koa dela eta lan kargak handitu egin direla plantilletan, lan baldintzak okertzearen ondorioz».

Mobilizazioen indarra

ELAk ez du baztertu mobilizazioetara jotzea. Haren esanetan, Eusko Jaurlaritzaren geldialdi horri aurre egiteko, mobilizazioak eta grebak dira langileek duten aukera bakarra beren eskaerak entzunarazteko. «Eusko Jaurlaritzak pausoak ematen ditu lanuzteak daudenean», esan du sindikatuak. Ertzaintza eta Hezkuntza jarri ditu horren adibide. «Ertzaintzan edo Hezkuntzan hitzartutako hobekuntzek zera erakusten dute, borondate politikoa baldin badago, gai batzuetan hobekuntzak egin daitezkeela, hala nola soldatan edo erretiro aurreratuan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.