Solokoetxeko hilketagatik atxiloturikoak gaur izango dira epailearen aurrean

Igande goizean gizon bat sastakakatu zuten Bilboko Solokoetxe auzoan, eta handik gutxira hil egin zen. Ertzaintzak hiru gizon atxilotu ditu, hilketarekin zerikusia dutelakoan.

Ertzainak, hilketari buruzko frogak bilatu nahian inguruko zaborrontzietan, igandean. JAVIER ZORRILLA / EFE
Ertzainak, hilketari buruzko frogak bilatu nahian inguruko zaborrontzietan, igandean. JAVIER ZORRILLA / EFE
gotzon hermosilla
2025eko irailaren 24a
10:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gaur dira epailearen aurretik igarotzekoak Ertzaintzak atxiloturiko hiru gizonak, Bilboko Solokoetxe auzoan izandako hilketarekin zerikusirik dutelakoan. Igande goizean izan zen liskarra, eta han 21 urteko gazte bat sastakatu zuten. Larrialdi zerbitzuek Gurutzetako ospitalera eraman zuten, eta han hil egin zen, bihotzean zituen zaurien ondorioz.

Ertzaintzak ikerketa abiarazi zuen, eta hurrengo egunetan hiru gizon atxilotu zituen: 31 urteko gizon bat Bilbon, 21 urteko bat Getxon (Bizkaia), eta 28 urteko beste bat, Bilbon hori ere. Azken horrek bere burua entregatu zuen Ertzaintzaren Deustuko polizia etxean, abokatu batek lagunduta. Ertzaintzak uste du Getxon atxiloturikoa sastakadaren egilea dela, eta beste biek hura babestu zutela edo liskarrean parte hartu zutela, baina orain epaileak erabaki beharko du haien kontrako neurririk hartzen ote duen.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi zuenez, 06:45 zirela jaso zuten abisua igandean, eskatuz Polizia bertaratu zedila Fika kalera, Santutxuren eta Zazpikaleen artean. Borroka bat izan zela eta lagun bat zaurituta zegoela zioen abisuak. Zauritua ziplo erori zen, eta borrokan ari ziren gainontzekoek korrika egin zuten ihes. Prentsan agerturiko zenbait informazioren arabera, liskarrean aritutako taldeek ez zuten lehenagotik elkar ezagutzen, eta elkarrekin topo egin zutenean sortu zen borroka.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.