Guztira 32 urteko espetxe zigorra eta 112.400 euroko isuna eskatu dute lau sopeloztarrendako, joko areto baten kontrako ekinaldi batzuetan parte hartzea egotzita. Duela hilabete eskas eman zuten horren berri, eta gaur iragarri dute mobilizazio bat eginen dutela: urtarrilaren 31n izanen da, 12:30ean, Sopelan (Bizkaia). Sopelako 4ekin 1 plataformak egin du deialdia, eta salatu lau herritarrak «amarru polizial baten biktima» direla, horiek izutzeko asmoz martxan jarria, «frogarik gabe eta gardentasunik gabe».
Gaur egin dute mobilizazioaren berri emateko agerraldia, Sopelan bertan. Esplikatu dutenez, hiru delitu egitea leporatzen diete lau herritarrei: mehatxu jarraituak, derrigortzeak eta kalte jarraituak. Gogoratu dutenez, 2020. eta 2021. urteak «bereziki mugituak» izan ziren herrian, bi proiekturen kontrako herri dinamikak baitzeuden martxan: batetik, eraikitze lanetan zen supermerkatu baten kontra, eta, bertzetik, joko areto baten aurka. Horrez gain, herriko udaltzaingoaren eta zenbait gazteren artean «gatazka nabarmena» zegoen, plataformak erran duenez.
Testuinguru horretan, martxan jarri zuten «lau herritarren kontrako operazioa», taldearen erranetan. «Hain dira ahulak lau sopeloztarrak auzipetzeko dituzten frogak, non auzia birritan artxibatua izan den. Eta, gainera, fiskala auzitik erretiratu da», gehitu dute.
Halere, akusazioak zigor eskaerak mantendu ditu, eta kasuak aurrera segitzen du; baina, plataformaren irudiko, hori «onartezina eta guztiz larria» da. «Lau sopeloztarren bizitza betirako baldintzatu dezakete. Lau sopeloztarren etorkizuna jokoan dago. Baina ez soilik lau herritar hauena: ezein herritarren oinarrizko eskubideak ukatuak izan ezin daitezkeela uste dugun guztion etorkizuna jokoan dago», nabarmendu dute.
Horren aurka Euskal Herriak erantzun behar duela sinetsita daude, eta ahalik eta herritar gehien bildu behar direla egoerari aurre egiteko. Indarrak batuz lortuko dutelako auzia geldiaraztea. Hortaz, Sopelako, Uribe Kostako eta Euskal Herriko herritar orori dei egin diete urtarrileko mobilizazioan parte hartzera, baita auziaren sozializazioan ekarpena egitera ere. «Propaganda jarri, sare sozialen bitartez auzia zabaldu, zure ingurukoei egoera aipatu, autobusak antolatu... Guztion ekarpena behar dugu, zure ekarpena behar dugu. Urtarrilaren 31n denok Sopelara!», borobildu dute.