Sopelako Udala prest dago Auzoetxearen eta gotzaindegiaren arteko bitartekari lanak egiteko

Bizkaiko Gotzaindegiaren eliz bat okupatu zuten proiektua sortzeko. Gaurtik aurrera noiznahi hustu dezakete.

Sopelako Ugeraga auzoko Karmengo eliza. Bertan dago Auzoetxea proiektua. EH BILDU
Sopelako Ugeraga auzoko Karmengo eliza. Bertan dago Auzoetxea proiektua. EH BILDU
jakes goikoetxea
2026ko irailaren 30a
12:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Sopelako (Bizkaia) herritar talde batek Auzoetxea proiektua abiatu zuen duela hiru urte Ugeraga auzoko Karmengo elizan. Eliza Bizkaiko Gotzaindegiarena da, eta ez zuen erabiltzen. Okupatu egin zuten. Gotzaindegiak, baina, eliza husteko prozesua abiatu zuen, eta gaurtik aurrera noiznahi hustu dezakete. 

Husteko arriskuaren berri izanik, udal gobernuak —EH Bilduk eta Elkarrekin Sopelak osatzen dute— azaldu du prest dagoela bitartekari lanak egiteko Auzoetxeko eta gotzaindegiko ordezkarien artean, «akordio bat lortzeko baldintzak sortzen laguntzeko». Uste du elkarrizketa, elkar ulertzea eta akordio bat lortzea direla gatazka konpontzeko bidea: «Helburua ezin da izan gatazka areagotzea, baizik eta alderdi guztien kezkak eta interesak mahai berean jarrita irtenbide adostu eta bideragarri bat bilatzea».

Jende askoren topagune

Udal gobernuak txalotu egin du Auzoetxeak herrian egin duen «lana eta ekarpena». Nabarmendu du herriko gizartearen aniztasuna islatu duela, eta elkartzeko eta beren burua adierazteko gunea izan dela ikuspegi sozial, politiko eta kultural ezberdina duten pertsonentzat: «Aniztasun hori herriaren aberastasunaren parte ere bada». 

Sopelako EH Bilduk proiektua babestu du, eta eliza erabiltzen jarraitu ahal izateko akordioa nahi du. Gogoratu du 2022an orduko udal gobernuak —EAJk eta PSE-EEk osatua— Bizkaiko Gotzaindegiarekin hitz egin zuela, elizkizunetarako erabiltzen ez zuten Karmengo eliza kultur zentro bihurtzeko.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA