Duela 50 urte Gasteizen izandako gertakariek gizartean irekitako zauriak arrasto sakona utzi du kultur sorkuntzan (ere). Bateko zein besteko adierazpen artistikoek —eskulturak, musikak, arte eszenikoak, literaturak, ikus-entzunezkoek...— bizirik mantendu dute sarraskiaren memoria, eta belaunaldiz belaunaldi oroimen kolektiboa eraikitzen lagundu dute. Eta ez nolanahi. Gehienetan, haizea kontra izanda egin dute hori, instituzioen «pasibotasunari» eta «isiltasunari» aurre eginez.
Ondorio hori atera zuen aspaldi Amaia Elizalde EHUko ikerlariak. Ikuspegi interartistiko batetik aztertu zuen Gasteizko Martxoaren 3ko sarraskiaren oroimenaren eraikuntza kulturala. Arte adierazpenek «lekuko» gisa balio dutela azpimarratu zuen ikerketa horretan, eta, maiz, gehiago kontatzen dela haien bidez historiaren bitartez baino. «Dokumentu idatziak manipulatu eta ezabatu egiten direlako, eta historiografia ofiziala irabazleek idazten dutelako», azaldu du ikerlariak.
Elizalderen ustez, Martxoaren 3ko memoria kasu paradigmatikoa da: izan ere, komunitate batek bere kabuz, eta modu antolatuan, oroimen politika propioa eraiki du. «Berez instituzioek egiten duten lana— memoria gertaberritzea eta kanona finkatzea— gizarte zibilak egin du kasu honetan». Bide horretan, uste du funtsezkoa izan dela Martxoaren 3ko Elkartearen lana, urtez urte ekitaldiak, omenaldiak eta proiektu artistikoak sustatu dituelako.
«Berez instituzioek egiten duten lana— memoria gertaberritzea eta kanona finkatzea— gizarte zibilak egin du kasu honetan»
AMAIA ELIZALDEIkerlaria
Musika, zinema, literatura eta arte plastikoak ez dira bakarrik gertakari historiko baten isla, Elizalderen aburuz: «Memoria aktibatzeko eta identitate kolektiboa eraikitzeko tresnak dira». Eta, horrek, bere horretan, garrantzi handia duela dio. Izan ere, ikerlariak uste du memoria kolektiboa berez murritza dela: «Komunitate mailan, denok ditugun oroitzapenak esku batekin zenbatu daitezke. Gogoratzea esfortzu intentzionatua da; ahaztea, berriz, errazagoa da». Gasteizko sarraskiaren harira, baina, oparoa izan da «ertzetatik eta bazterretatik» egindako oroimen ariketa, nagusiki «justizia» eskatzeko.
Garaile ez direnak
Artea sarritan izaten da «garaile izan ez direnen adierazpena», eta, Elizalderen hitzetan, hala gertatu da Martxoaren 3ko gertakariaren inguruan ere. 1970eko hamarkadan langileen ekimenez biktimen alde egindako eskultura da horren adibiderik argiena: lurpetik ateratzen den ukabil itxi bat da, bost hatzekin, hildako bost langile gogoratzeko. Oroitarri hari behin baino gehiagotan egin diote eraso, eta askotan suntsitu dute. «Horrek erakusten du memoria lekua gatazka leku ere badela».Â
Hori ez da adibide bakarra. Hasierako urteetan, kantagintzak hartu zuen dolu kolektiboaren eta salaketa politikoaren lema, eta Lluis Llach abeslariak 1977an sortutako Campanades a morts kanta izan zen horren adierazpenik argiena. Euskal Herrian zein Katalunian memoria ikur bihurtu ziren kanta horren bertso garratzak — «Assassins de raons, de vides» (Arrazoien eta bizitzen hiltzaileak)— , eta biktimen oroimena duintzeko eta zigorgabetasuna salatzeko balio izan zuten. Llachen kantaren ostean, beste hamaika musikarienak etorri ziren: Zarama, Koska, Mossin Nagant, Soziedad Alkoholika, Betagarri, Izaki Gardenak, Karmele Jaio eta Idoia Asurmendirenak, tartean. Azken mende erdian, denera, 50 kantu egin dira gertakarien inguruan.
«Artista askok erakundeek baino askoz ere indar handiagoz eutsi diote memoriari»
AMAIA ELIZALDEIkerlaria
Literaturari, zinemari eta arte eszenikoei esker ere eutsi zaio memoria kolektiboari. Hona hemen adibide batzuk: Katixa Agirre idazleak San Frantzisko eliza barruko kaosa sorberritu zuen Atertu arte itxaron eleberrian (2015); Dejabu Panpin Laborategiak 70eko hamarkadako borroka soziala eta sarraskiaren unea oholtzara eraman zuen Gure bide galduak antzezlan dramatikoan (2011); Lluis Danesek La revolta permanent dokumentala ondu zuen 2006an, Llachek hiriburuan eman zuen kontzertuaren kontaketa eginez; Victor Cabacok Vitoria, 3 de marzo filma egin zuen 2019an; hiriko hainbat artistak San Frantzisko elizaren plaza ondoan kokatuta dagoen bederatzi solairuko etxebizitza batean horma irudia margotu zuten 2013an... «Artista askok erakundeek baino askoz ere indar handiagoz eutsi diote memoriari», segurtatu du Elizaldek.

Izan ere, memoria ez da iraganaren ispilu gardena. Hautu bat da. Iraganaren «selekzio» bat. «Gauza batzuk gogoratzen dira, baina beste batzuk ahaztu egiten dira», dio ikerlariak. Eta ahaztea ez da beti ausazkoa. Azken urteetan urrats instituzional batzuk egin dira gertakarien memoria gordetzeko— oroigarriak, memoriala...— baina, ikerlariaren iritziz, ez da egon babes sendo eta jarraiturik. «Eta ezer ez egitea ere bada ahazteko modu bat».