Sortuk 50 herritan egingo ditu Txiki eta Otaegi omentzeko ekitaldiak

Irailaren 27an Euskal Herriko 50 udalerritan bilduko dira alderdiko kideak, Txiki eta Otaegiren fusilamenduaren urteurrena oroitzeko. Eguerdi aldera izango dira ekitaldi gehienak.

Sortuko Maialen Kortabarria eta Xabi Iraola, irailak 27ko kartelarekin. JON URBE / FOKU
Sortuko Maialen Kortabarria eta Xabi Iraola, irailak 27ko kartelarekin. JON URBE / FOKU
nerea intxausti
2026ko irailaren 16a
15:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aurtengo irailaren 27an 51 urte beteko dira erregimen frankistak Juan Paredes Txiki eta Angel Otaegi ETAko militanteak erail zituenetik, eta Sortuk egun hori baliatuko du zenbait ekitaldi antolatzeko. Euskal Herriko 50 herritan baino gehiagotan bilduko dira egun hura oroitzeko, Loturak askatzera! lelopean.

Alderdiak adierazi du irailaren 27a oroimenerako eguna izango dela. Txiki eta Otaegiren fusilamenduen urteurrena hainbat kide eta belaunaldi elkartzen dituen eguna da Sorturentzat: «Euskal Herriaren eta haren askatasunaren alde borroka egin zutenak eta ari direnak batzen gaitu irailaren 27ak».

Baina, aldi berean, etorkizunera begiratzeko garaia ere badela adierazi du. Euskal Herriaren «askapen prozesua une erabakigarri batean» dagoela deritzo Sortuk, eta uste dute aukera dagoela «78ko erregimenean lotuta gelditu ziren korapiloak» askatzeko: «Euskal Herrian potentzial politiko izugarria daukan fase politiko bat zabaltzea lortu dugu. Eta, orain, askapen prozesuan egoera berrietan murgiltzeko baldintzak ereitea dagokigu».

Aurtengo irailaren 27ko ekitaldietan erakutsiko duten kartela Mikel Erkiaga bilbotarrak egin du. Zatikatutako memoriaren teknika oinarri hartu duela azaldu dute, eta argazki, paisaia eta elementu sinbolikoak uztartuz osatu duela. 

Ekitaldiak egingo dituzten udalerriak:

  • Araba. Gasteiz, Agurain eta Amurrio. 
  • Bizkaia. Bilbo, Algorta, Areatza, Arrigorriaga, Bakio, Barakaldo, Basauri, Berango, Bermeo, Busturia, Durango, Enkarterri, Itzubaltzeta, Larrabetzu, Lekeitio, Leioa, Markina-Xemein, Mutriku, Ondarroa, Otxandio, Portugalete, Santurtzi, Sestao, Sopela, Ugao eta Zornotza. 
  • Gipuzkoa. Donostia, Azpeitia, Bergara, Eibar, Errenteria, Getaria, Hernani, Lezo, Oiartzun, Tolosa, Urretxu, Usurbil, Zarautz eta Zumarraga.
  • Ipar Euskal Herria. Hendaia. 
  • Nafarroa. Iruñea, Baztan, Bera, Leitza, Lizarra, Etxarri Aranatz eta Tafalla. 

 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA