Sortuk bere «mugimendu izaera indartu» nahi du, «barne bizitza txikituta»

Alderdiaren Nazio Kontseiluak 'Herri gogoa' txostena zabaldu du eztabaidarako, IV. kongresua abiatzeko. Asmoen artean jarri dute «askapen prozesuarentzat funtsezkoak diren gogoetak egin eta proiektu estrategikoak sustatzea».

Ekainaren 28an eginiko konferentzian onartu zuten kongresua aurtengo udazkenera aurreratzea. SORTU
Ekainaren 28an eginiko konferentzian onartu zuten kongresua aurtengo udazkenera aurreratzea. SORTU
jon olano
2025eko urriaren 23a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Sortu 2027ko urtarrilean zen bere laugarren kongresua egitekoa, baina, prozesu hori udal eta foru hauteskundeen egutegiarekin nahastu ez dadin, urtebete aurreratu du prozesua. Alderdiko Nazio Kontseiluak atzo zabaldu zuen eztabaidarako txostena, Herri gogoa izenekoa —Joxe Azurmendiren liburuari keinu eginez—, eta bertan jaso du alderdia «berrezaugarritzeko» proposamen bat «nazio askapen prozesuari ekarpena egiteko». Zehazki, xedea da Sortuk «bere mugimendu izaeran indar» egitea eta «barne bizitza» apaltzea: «Sortuko kideok gure ekarpen behinena askotariko dinamika erreal eta eraginkorretan egin dezagun ahalbidetu. Asko gara dagoeneko langintza horretan dihardugunak, eta egokitzapen honekin urrats erabakigarria egin nahi dugu, norabide hori elikatze aldera». Hortaz, Nazio Kontseiluak kideei proposatu die gehiago jardun dezatela bestelako militantzia esparruetan; alderdiak, berriz, bere gain hartu nahi du «kide horien guztien jardun militantea elikatzeko eta laguntzeko behar-beharrezkoa den ikusmira politikoa eskaintzeko ardura».

1

Gogoeta estrategikoak «irradiatu»

Sortuk lau zeregin nagusi aitortu dizkio bere buruari, zuzendaritzak zabaldutako txostenean. Lehena da gogoeta estrategikoak «irradiatzea»: «Gogoeta estrategikoak egiteko espazio partekatuak eskaini behar ditu, Sortuko militanteok askapen prozesuaren norabidea elkarrekin pentsatzeko». Bigarrena, proiektu estrategikoak bultzatzea: «Inork sustatu ezin dituen edo sustatuko ez dituen proiektuak izango dira Sortuk sustatuko dituenak». Eta segidan ñabardura: «lehen bulkada emateaz» ari dira; «proiektua bere gain har lezaketen kideak identifikatu eta, beharrezkoa balitz, hura martxan jartzeko beharrezkoak liratekeen bitartekoak bermatzeaz». Egitasmo horien helburua «askapen prozesuan epe erdi-luzean eragitea» izango da.

Bestalde, alderdiaren beste bi egiteko nagusiak izango dira koadro politikoak eratzea eta erreproduzitzea, eta ezker abertzalearen komunitatea eta «borroka ibilbidea» zaintzea: «Sortuk askapen mugimenduaren borroka ibilbide historikoa aldarrikatu behar du; eta defendatu, bere argi-ilun guztiekin, ibilbide horren zilegitasuna eta emankortasuna».

Landu beharreko proiektuen nolakotasunari ere erreparatu diote proposatutako dokumentuan. Batetik, «eta nagusiki», herrigintzari eta nazio eraikuntzari lotutakoak daude: «Askapen prozesuaren bideragarritasunerako zentralak diren erronkei zuzendutakoak, edota alor estrategiko zehatzetan ekarpen kualitatiboa egin dezaketenak, alegia». Bestetik, ezkerreko independentismoak beharko lituzkeen azpiegitura eta baliabideak sortzearekin zerikusia dutenak. Azkenik, estatugintzaren perspektibatik jorratzeko modukoak direnak: «Euskal estatuaren sorrera laguntzeko, beharko ditugun baliabide eta gaitasunak sortzeko, edota egin beharreko askotariko trantsizioak sustatzeko».

2

'Abian'-en norabidean

«Hautabide independentistaren aldeko indarrak askatzeaz» mintzo zen Abian txostena 2016an, eta, ia hamar urte geroago, logika horren barruan emandako pausoa da Herri gogoa-n jasotakoa. Orain, hautabide horretan «gehiengoak osatzea» jarri dute erronka nagusien artean: «Jendarte sektore berriak erakartzeaz ari gara, eraikiz doan politizazio eta atxikimendu prozesu batean». Nola? «zentzu komuna disputatuz» eta «alternatiba sinesgarri eta eraginkorrak» eskainiz «herritarren bizitzako alor guztiak hobetzeko, euskal eskala eta independentismoa bera sakoneko aldaketa sozial eta ekonomikoak gauzatzeko eta hobeto bizitzeko eraginkorrak suerta daitezkeela erakutsiz».

Euskal errepublikarako gako izan litezkeen aldagai eta erronkak aletu dituzte txostenean, eta horietako bat da hautabide independentista horren inguruan gehiengoak osatzea. Beste bat da independentismoa gobernuetara eramatea eta «ongi gobernatzea»: «Aldagai instituzionala gako nagusietako bat da egungo estrategian, hala prozesu independentista eraldatzailea legitimatzeko nola instituzioak herritarren eta prozesuaren zerbitzura jartzeko».

Era berean, Sortuk urratsak egin nahi ditu «burujabetzaren berreskurapenean» bai Nafarroan, bai Ipar Euskal Herrian, bai Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, «aldian aldiko indar harremanen arabera» eskumen gehiago pilatzeko: «Urrats bakoitzak aukera emango liguke herri gisa ditugun erronkei erantzuteko garaian baliabide gehiago izateko, gure prozesu politikoa lorpen jakinekin elikatzeko eta, oro har, gatazka politikoa dimentsionatu eta nazio kontzientzian eragiteko». Burujabetzaren esparruan bertan, beharrezkotzat jo dituzte «herriari hitza eta erabakia emateko bitartekoak» lantzea, eta horien «maila gorenean» jarri dute erabakitzeko eskubidea.

Egungo ziklo politikoan ezarri duten beste zeregin nagusietako bat da «lurralde zatiketatik batasunerako bidea» jorratzea, estrategia «konfederal eta asimetrikoaren» barruan: «Lurralde administratibo bakoitzeko agenda propioarekin batera, Euskal Herri osoa aintzat hartzen duen praktika egituratzailea garatu behar da, trinkotze sozial, politiko, ekonomiko, kultural eta instituzionala sendotzeko».

Beste erronka batzuen artean aipatu dituzte elkarbizitzaren eraikuntzan aurrera egitea —preso, iheslari eta deportatuen etxeratzea eta biktima guztien aitortza eta erreparazioa—, «eskala handiko bulkada nazional bat» artikulatu eta euskal estatuaren «hipotesiarekiko» nazioarteko aitortza jorratzea, «ahalik eta aldekotasun handiena edo, bederen, aurkakotasun txikiena» biltzeko.

3

«Atomo gisako egitura»

Azkenik, eztabaidarako txostenean antolakuntza eta funtzionamendu eredu berri bat jaso dute, egitasmo politiko horri erantzun beharko liokeena. Aurrerantzean «atomo gisa» egituratzea da eskaintza. Atomo gisako egitura horrek «ardatz zentral» bat izango du: zuzendaritza nukleoa. Zuzendaritza nukleoa osatuko dute, lehenik, Nazio Idazkaritzak, eta bigarrenik, Nazio Batzarrak.

Alderdiak 2021ean egin zuen hirugarren kongresua, eta prozesu hartan onartu zuten Herrigaia txostena. Militanteen %71k babestu zuten; %22k, aldiz, Lurrari lotuz txostenari eman zioten botoa.

EGUTEGIA

Ekaineko Nazio Konferentzian, kongresua aurreratzea erabaki zuen Sortuk, eta irailean ekin zion formalki prozesuari, kronograma eta Berme Batzordea onartuta. Data hauek dira nabarmenenak:

 

  • Azaroaren 29a. Eztabaida eta bozketa fasearen amaiera.
  • Abenduaren 11. Zuzenketen memoria aurkeztuko dute.
  • Abenduaren 26tik 28ra. Zuzenketen bozketa.
  • Abenduaren 29a. Behin betiko emaitzak.
  • Urtarrilaren 7a. Nazio Kontseilurako kideen proposamena.
  • Urtarrilaren 21etik 23ra. Bozketak.
  • Urtarrilaren 24a. Kongresuko itxiera ekitaldia, Ficoban (Irun, Gipuzkoa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.