Sortuk «errepubliken» alde egin du Burgoskoen zigorren urteurrenean

Pankartak jarri dituzte Madrilen eta Burgosen, Auzitegi Nazionalean eta Gobernu Militarrean

Sortuko kideak atzo, Burgosko Gobernu Militarraren egoitzan. BERRIA.
jon olano
2020ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Atzo bete ziren 50 urte Burgosko prozesuko epaimahaiak epaia eman zuela: hamasei auzipetuetatik hiruri —Jokin Gorostidiri, Xabier Izkori eta Eduardo Uriarteri— bina heriotza zigor jarri zizkieten, eta Xabier Larena, Mario Onaindia eta Unai Dorronsorori, bana —guztiei heriotza zigorrak kendu, eta bizi guztiko zigorrak ezarri zizkieten gero—. Horrez gain, auzipetu guztien zigorrak batuta, 519 espetxe urte jarri zizkieten. Egun horretatik mende erdia igaro dela gogoratzeko eta gaur egun Espainiako botere judizialak duen jokabidea salatzeko, Sortuk bi pankarta jarri zituen Espainiako Auzitegi Nazionalaren eta Gobernu Militarraren egoitzetan, Madrilen eta Burgosen. Ezin izan zenuten... zioen Burgosen jarritakoak; ...eta ezin izango duzue, berriz, Madrilgoak. Eta, bietan, mezu komun bat: Errepubliken aldeko borroka nagusituko da.

Sortuk ohar batean nabarmendu duenez, «askatasuna eta bere etorkizunaren jabe izan nahi zuen herriari eskarmentua emateko gaztigu gisa» jarri zituzten zigor horiek, eta salatu du Espainiako Estatuak «indarkeria eta salbuespenezko auzitegiak erabiltzen» segitzen duela «nazioen askatasun grina» apaltzeko: «Galiziarrek, kataluniarrek eta euskal herritarrok jarraitzen dugu epaile espainiarren aurretik pasatzen. Auzitegi Nazionala, Auzitegi Gorena eta Konstituzio Auzitegia, Ordena Publikoko Auzitegi frankista haren oinordeko gisa, tresna antidemokratikoak dira, Espainiaren batasun banaezinaren zerbitzura betiere».

Era berean, Sortuk adierazi du auzitegiok «abangoardia» direla «autodeterminazio eskubidearen aurka eta klase herrikoien interesak lehenetsiko duen edozein eredu sozialen aurka». «Dena gelditu baitzen lotua, eta ondo lotua», gaineratu du.

Gaur egunera etorrita, ordea, azaldu du «ezker abertzaleak nazio eta gizarte askapen prozesuan aurrera egiteko konpromiso osoz segitzen» duela, «kemen eta konbentzimendu handiagoz». Bide horretan, hitzeman du «gainerako nazioekin batera independentziaren eta demokraziaren alde borrokan» jarraituko duela, «78ko erregimena bota arte».

Deklarazioak

Bestalde, Auzitegi Nazionalean deklaratu zuten atzo Ruben Genbeltzuk, Jon Lizarribarrek eta Itsaso Zalduak, bideokonferentzia bidez, 2002. urteko irailaren 24an Leitzan (Nafarroa) izandako atentatu baten harira. Juan Carlos Beiro guardia zibila hil zen eraso horretan, pankarta baten ondoan jarritako lehergailu batek eztanda eginda. Hirurek ukatu egin zuten atentatuan parte hartu izana eta garai horretan ETAko kide izatea.

Eraso horren harira, Ismael Moreno epaileak Mikel Karrera auzipetu du; ebazpenak abenduaren 10eko data du, baina atzo ezagutarazi zuen Efe agentziak. Karrera Lannemezanen (Okzitania) dago preso, eta Zaldua, berriz, Topasen (Espainia); uztailean atxilotu zuten.

Sortuk asteazkenean jakinarazi zuen hirurak deklaratzera deitu zituztela; ohar batean, adierazi zuen Espainiako Estatuak ez duela «gatazka politikoa gainditzeko inolako borondaterik, eta epaitegiak» darabiltzala «iraganera kateatzeko». Edonola ere, gaineratu du «estamentu horiek» ezin dutela «bake, bizikidetza eta askatasun agertoki berri bat eraikitzeko herri honek duen determinazioa zapuztu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.