Bizkai, Gipuzkoa, Nafarroa eta Arabako hainbat eskolak Jaurlaritzaren hiru eleko ereduan eta TIL ingelesezko proiektuetan parte ez hartzearen aldeko proposamena zabaldu dutela jakinarazi du Sortzen Ikasbatuaz sareak. 80 ikastetxe inguru batzen ditu. Ikastetxe batzuk dagoeneko hizkuntz eredu horiei uko egiteko erabakia hartu dute, eta proposamena gainerakoei zabaltzeko lanean hasi dira. Izan ere, elkartearen iritziz, eredu horiek euskarari, hizkuntza gutxitua den heinean, «kalte besterik ez diote egiten». Ikasle eleaniztunak hezteko eredu bakar eta euskalduna behar dela aldarrikatu dute.
Horrez gain, Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko hezkuntza agintariek abian jarritako beste hainbat proiektu ere gogor salatu dituzte, Jaurlaritzaren Bizikidetza Demokratikorako eta Indarkeriaren Deslegitimaziorako plana kasu. Aitziber Martinez Sortzen Ikasbatuaz sareko koordinatzaile orokorrak azaldu duenez, aldaketa horiek hezkuntza komunitatearekin landu barik onartu ziren, eta hezkuntzako eragile zein sindikatu gehienen ezetza jaso dute.
Sarea lau herrialdeetan sare publikoa osatzen duten ikasle, irakasle eta gurasoekin bildu da. Batzarretan jasotako iritziak eta adostutako erabakiak aurkeztu ditu, dekretu edo proiektu bakoitzaren inguruko irakurketa eginez.
Bide batez, ikastetxeek eredu hiru elekoa edo bakerako hezkuntza plana onar dezaten Jaurlaritza erabiltzen ari den praktikak salatu ditu Sortzenek. «Hizkuntz proiektu bereziari ezetza emanez gero ingeles irakaslerik ziurtatua ez dutela izango esan diete ikastetxe batzuei; edota onartuz gero giza baliabideen murrizketak ez zaizkiela aplikatuko».
Martinezen arabera, egoera larria da: «Alarma gorriak piztuta daude, baina kalitatezko eskola publiko euskalduna eraikitzen jarraitu nahi dugu». Ezinbestekotzat jo du neurri guztien aurka erantzun «bateratuak» bultzatzea. Hona proposamenak, gaika:
1. Bakerako hezkuntza
Eusko Jaurlaritzaren Bizikidetza Demokratikorako eta Indarkeriaren Deslegitimaziorako planak herriaren errealitatea ez duela islatzen salatu du Sortzen Ikasbatuazek. Biktimen aferari dagokionez, alde bakarrekoak besterik ez direla kontuan hartzen azaldu dute. «Mota askotariko biktimak daude gure herrian: gerran fusilatu zituztenak, gaur egun preso edo erbesteratuta daudenak, hil amaierara heltzeko zailtasunak dituzten familiak edo tratu txarrak jasandako emakumeak, besteak beste». Plana gatazka konpondu eta umeak bakean hezi ordez «helburu politikoekin» egindakoa dela salatu dute.
Batzarretan bildutako hezkuntza eragileek dokumentu bat zabaldu eta eztabaidatzea proposatu dute. Bertan, ikastetxeek egitasmoan parte ez hartzea proposatzen da, eta Hezkuntza Sailari hala jakinaraztea. Ahalik eta ikastetxe kopururik handienak dokumentua onartzea espero dute.
2. Eredu eleaniztunak
Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban onartutako hiru eleko eredua eta Nafarroako TIL ereduetan ere parte ez hartzearen aldeko deia egingo dute Sortzen Ikasbatuaz-eko ikastetxeek. Hego Euskal Herriko ikastetxe publiko denetara hedatzen saiatuko dira, ereduei uko egin eta hezkuntza agintariei proiektuak bertan behera uzteko eskatzeko. Horretarako, eskola kontseiluetan onartzeko testu bat prestatu dute, eta informazioa zabaltzeko hitzaldiak antolatuko dituzte.
Izan ere, ereduon bitartez euskara irakats hizkuntza nagusia bilakatu beharrean gaztelaniarekin parekatzen dela salatu dute. «Hizkuntz gutxitua izaki, ezinezkoa da horrela berreskuratzea. Hezkuntzako eragile zein sindikatuen gehiengoak hizkuntza eredu bakar, euskaldun eta eleaniztuna defendatzen dugu».
3. Ordezkapenak
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak CCOO eta UGT sindikatuekin akordioa sinatuta irakasle kopurua murriztu eta ordezkapenak arautu dituen akordioa martxan dagoela salatu dute. Horrek arazo «larriak» sortu ditu: «Irakasle bakoitzari ikasle gehiago dagozkio; ordezkapen denak ez dira betetzen, eta beste irakasle batzuek egin behar dute lan hori, lan baldintzak kaskartuz eta hezkuntza kalitatea jaitsiz».
Gehiengo sindikalak adostutako neurriekin bat datozela adierazi du Sortzen Ikasbatuaz sareak, ekimen horiek era aktiboan bultzatuko dituelarik. Hau da, ordezkorik agertzen ez denean gurasoak informatzea da xedea, eta Hezkuntza Sailera kexa gutunak bidaltzea. Egoerak hala jarraitzen badu plantoak egiten hasiko direla gaineratu dute.
4. Curriculuma
Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban curriculuma arautzeko dekretua onartu da, egun praktikara emateko pausoak ematen ari direlarik. Curriculum berriaren bidez Euskal Herria «ez dela existitzen» salatu dute. «Arazoa ez dago terminoan, subjektuan edo eremuan baizik: hemendik aurrera, zazpi herrialderen ordez, hiru bakarrik ikasiko dira geografian edo historian».
Sortzen Ikasbatuaz sareko ikastetxeek Euskal Herriaz osotasunean irakasten jarraitzeko konpromisoa hartu dute. «Hezkuntza sistemaren ardatza den euskal curriculumaren eraikuntza muturreraino bultzatzeko konpromisoa dugu».
5. Ikasleen dekretua
Nafarroan, ikasleen eskubide eta betebeharrak arautzen dituen dekretua berria indarrean dago. Dekretuaren helburua irakasleen autoritatea bultzatzea dela adierazi dute hezkuntza agintariek. Sortzen Ikasbatuaz sareko ordezkarien arabera, irakasleei autoritatea lege bidez emateak antzinako irakasle autoritarioen eredua bultzatzea dakar. «Ez du ikastetxeetako giroa hobetzeko aferan inolako laguntzarik ekarriko, hori eskola komunitate guztiaren arteko eguneroko elkarlanarekin lortuko da», aditzera eman dute. Aldi berean, dekretu honek «egunerokotasunean ekar ditzakeen istiluen aurrean» erantzuteko borondatea agerian utzi dute.
Elkartea Nafarroako hezkuntza komunitateko ordezkariekin bildu da jada, eta lehen kexak bidali eta mobilizazioak egin dituzte. «Erantzuna antolatzen jarraitzeko asmoa dugu».
Sortzen Ikasbatuaz sareko eskolek eredu eleaniztunei uko egingo diete
Hezkuntza agintariek berriki hartutako hainbat erabakiren inguruan erantzun bateratua ematea erabaki duteJaurlaritzaren bakerako hezkuntza planaren kontrako plantoa da beste protesta keinu bat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu