Gipuzkoako SOS Arrazakeriak Izan Harrera programan parte hartzeko deia egin die herritarrei

Zazpigarren edizioa abiaraziko dute aurten. Parte hartzen duten herritarrek mentore lanak egingo dituzte migratzaileen, errefuxiatuen eta nazioarteko babesa eskatzen dutenen gizarteratzea eta ongizate psikosoziala sustatzeko.

Nafarroako SOS Arrazakeriak antolatutako manifestazio bat, Iruñean, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU
Nafarroako SOS Arrazakeriak antolatutako manifestazio bat, Iruñean, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU
2026ko uztailaren 27a
14:57
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gipuzkoako SOS Arrazakeriaren Izan Harrera programak bidelagunak eskaitzen dizkie Gipuzkoan bizi proiektua garatzen ari diren migratzaileei, errefuxiatuei eta nazioarteko babesa eskatzen dutenei, horretarako boluntarioak bilatuta. Parte hartzaileak aldizka elkartzen dira egunerokoan zerbait elkarrekin egiteko: kafe bat hartzeko, herria ezagutzeko edo hizkuntza praktikatzeko, besteak beste. Aurten zazpigarren edizioari ekingo diote, eta mentore berrien bila dabil Gipuzkoako SOS Arrazakeria, mentoretza sozialeko prozesu bat abiatzeko zain daudenei laguntza emateko.

Kanpaina honen bitartez, mentoretza soziala aurkeztu nahi die Gipuzkoan bizi diren eta gizarte inklusiboago baten sorreran parte hartu nahi dutenei. Kanpaina zabaltzeko, jada parte hartu dutenen lekukotasunak bildu dituzte. Esperientziak «mundua beste modu batean ikusten» lagundu diela diote mentore moduan aritu direnek. Laguntza jaso dutenek ere adierazi dute «lagunduak eta babestuak» sentitzeak asko lagundu diela gizarteratze prozesuan.

Izan Harrera programak Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Donostiako Udalaren babesa du. Azaldu dute programa honen helburua ez dela laguntza ematea edo arazo jakinak konpontzea; migratzaileen, errefuxiatuen eta nazioarteko babesa eskatzen dutenen gizarteratzea eta ongizate psikosoziala sustatuko dituzten harremanak eta loturak sortu nahi dituzte boluntarioen laguntzaren eta babesaren bitartez.

Elkarteak azpimarratu du ez dela beharrezkoa ezagutza espezializaturik edota aurretiazko esperientziarik izatea mentore izateko: «Nahikoa da denbora pixka bat, konpromisoa eta beste pertsona bat gertutik ezagutzeko gogoa izatea». Hala ere, azaldu dute hasieran prestakuntza eta laguntza emango dietela boluntarioei, eta jarraipena egingo dietela.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA