Udal eta foru hauteskundeak. Alderdien kanpaina

Sozialistak «bakearen bermea» direla esan du Lopezek

Fronteen politika amaitu dela dio, eta ezberdinen arteko akordioak laster ikusiko direla nabarmendu du

jokin sagarzazu
2011ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Hauteskunde kanpaina Gasteizen itxi du alderdi sozialistak. Arabako zerrendaburu Txarli Prietori eta hiriburuko alkategai Patxi Lazkozi babesa ematen han izan da Patxi Lopez PSE-EEko idazkari nagusia. PPren eta EAJren aurka mintzatu dira bi hautagaiak, Lazkoz bereziki, eta, kale protestetako aldarriak bere eginda, «eskuinaren» asmoa «ongizate estatua suntsitzea» dela nabarmendu dute.

Hitzaldi nagusia, baina, Lopezek eman du. «Askatasunaren eta bizikidetzaren» alde hitz egin du bereziki, eta alderdi sozialistak azken bi urteetan «terrorismoaren aurkako borrokan» egindako lana nabarmendu du.

Lopezek salatu du bakearen aldarria bere gain hartu nahi dutela «beste batzuek», «terrorismoaren aurkako borrokara beti berandu iritsi diren horiek». Hala ere, Lopezek nabarmendu du sozialistak direla «bakearen eta garapenaren bermea».

Eusko Legebiltzarrean egindako lana dela-eta «fronteen politika» amaitu dela adierazi du buruzagi sozialistak, eta astelehenetik aurrera «ezberdinen arteko akordio pluralak» ikusiko direla esan du.

Mugimendu handiko hauteskunde kanpaina amaiera izan du Lopezek. Herenegun Bizkaian izan zen, Bilboko Arriaga antzokian eginiko mitinean, Bizkaiko eta Bilboko Udalerako zerrendaburuei babesa ematen; eta, atzo, Araban eta Gipuzkoan izan zen.

Gipuzkoako Batzar Nagusietarako zerrendaburu Miguel Buenekin eta Andoaingo alkategai Estanis Amutxastegirekin batera, herri horretan kokatua dagoen enpresa batean izan zen Lopez, eta ekonomia gaiak izan zituen hizpide kazetarien aurrean. Krisialdi ekonomikoari aurre egiteko instituzio eta indar politiko guztien arteko elkarlana beharrezkoa izango dela nabarmendu zuen. Horren harira, PSE-EE- ren aldeko botoa «inoiz baino beharrezkoagoa» dela adierazi zuen.

Gipuzkoako sozialistek kanpaina amaierako ekitaldi nagusia, halere, Donostiako Larratxo auzoan egin zuten. Han izan ziren Miguel Buen eta Odon Elorza Gipuzkoako hiribururako alkategaia, besteak beste. Biharko bozei begira, Buenek esan zuen ez dela etxean geratzeko unea. «Gipuzkoak aldaketa behar du, modernizatu beharra dauka, eta hori soilik sozialistekin iritsiko da». Buenen arabera, EAJk eta Bilduk nazio eraikuntza lehenesten dute eraikuntza sozialaren aldean.

Elorzak, berriz, bakegintza izan zuen ahotan. «Bizikidetza eta adiskidetasuna sendotzeko, behin betiko amaitu behar da fronteen eta lubakien politika», adierazi zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.