HERIOTZA

Stefano Delle Chiaie hil da, Montejurran parte hartu zuen faxista italiarra

Italiako, Euskal Herriko, Peruko, Argentinako, Paraguaiko eta Venezuelako hainbat atentatu faxistatan parte hartu zuen. Internazional faxistako buruzagia izan zen. Erroman hil da, 83 urterekin. Perturren auzian ere agertu izan da haren izena.

Ezker-eskuin, aurpegia zirkulu batez, Augusto Cauchi eta Steffano della Chiaie, Internazional Faxistako buruzagia, Jurramendiko erasoetan. EFE
2019ko irailaren 10a
09:00
Entzun

Ez dago zalantzarik Stefano Delle Chiaiek Montejurrako tiroketan parte hartu zuela. Egun hartako argazkietan agertzen da Augusto Cauchirekin batera. 1976an, Montejurran Carlos Hugo Alderdi Karlistako jarraitzaileak tiroka hartu zituzten Espainiako, Italiako eta Argentinako eskuin muturreko zenbait faxistak. Ricardo Garcia Pellejero eta Aniano Jimenez Santos hil, eta beste hainbat karlista zauritu zituzten.

Internazional faxistako buruzagietako bat izan zen Chiaie, eta nazioartean hainbat ekinaldi faxistetan parte hartu zuen. Baltasar Garzon epaile espainiarrak egindako ikerketaren arabera, Augusto Pinochetentzat lan egin zuen Chilen, Juan Domingo Peronentzat Argentinan, eta Hugo Banzer Suarezentzat Bolivian. Gladio eta Condor operazioetan ere aritu zen. Eta berak aitortua da 70eko hamarkan "Frantzia hegoaldean" euskal errefuxiatuen kontra aritu zela.

Italian hasi zen faxismoaren defentsan. Junio Valerio Borghesi lagundu zion estatu-kolpe saioan, baina, hura oker atera zenean, Espaiara ihes egin zuen, frankismoaren babesera. Euskal Herrian esku hartze handia izan zuen handik aurrera. Montejurran aritu zen, baina ez han bakarrik. Inpunitatez aritu zen, GALi lotuta ezagutzen diren beste hainbat pertsonekin batera: Rodolfo Almironekin, Jean Pierre Cheridekin, eta Pier Luigi Concutellirekin.

Italian bere kontra irekitako auzibide batean onartu zuen euskal errefuxiatuen kontra aritu zela, Gladio sarearekin batera. 70eko hamarkan "Frantzia hegoaldean" euskal errefuxiatu bat bahitu, galdekatu, torturatu, hil eta desagerrarazten parte hartu zuela esan zuen deklarazio hartan. 1976an desagertu zen Eduardo Moreno Bergaretxe Pertur. Italiar neofaxisten hipotesia ikertu zuen Fernando Andreu Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak, baina auzia itxi egin zuten, argitu gabe. 70eko hamarkadan bonba batekin beste errefuxiatu bat hil zuela ere aitortu zuen Chiaiek. Joxe Miguel Beñaran Ordeñana Argala 1978an hil zuten, bonbaz, Angelun (Lapurdi). Bi heriotzak BVEk (Batallon Vasco Español) hartu zituen bere gain.

Justiziatik ihes egitea lortu izan du. 1989an, Caracasen atxilotu zuten, eta Italiara eraman, han epaitzeko, baina errugabetu egin zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.