Euskadiko Irakaskuntzako Langileen Sindikatu Steilasek protesta bat egin du gaur «egonkortasuna» eskatzeko Nafarroako irakaskuntza artistikoetako ikastetxe publikoetako irakasleentzat. Ohar batean adierazi duenez, alor horretarako lan deialdi publikoa argitaratu du berriki Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamenduak, eta ataka zailean jarri ditu zentro horietan lanean ari diren hainbat profesional interino. Izan ere, badira 30 urte arloan inolako lan deialdirik egin gabe, eta denbora tarte horretan lanean jardun duten profesionalek beren jardunbidea kolokan ikusi dute orain, erretiroa hartzeko atarian.
«Egonkortasuna nahitaezkoa da arte eskola, kontserbatorio nahiz musika eskoletako proiektuak indartzeko, baina ezin da langile interinoen eskubideen kontura ezarri», ohartarazi du sindikatuak oharrean. Administrazioari «utzikeria eta zitalkeria» egotzi dizkio. Nafarroako Gobernuaren erabakiak kritikatu ditu: «Oroi dezagun 2022an egonkortze prozesu bat abian jarri zuela Hezkuntza Departamentuan, eta lanpostu hauek ez zituela kontuan hartu, inongo azalpenik eman gabe». Espainiako Estatuari ere leporatu dio arloan dituen erantzukizunak ez konplitzea, eta urratsik ez egitea «behin-behinekotasuna» apaltzeko Europako Batasuneko zuzentarauak emandako irizpideak betetzeko.
Horregatik egin dute eskea: «Steilasek irtenbide bat eskatzen du hainbat urtez behin-behinean postu berean aritu diren irakasleentzat». Eta aldarria: Finkotasuna orain!