Subflubiala Ez plataformak Bizkaiko Foru Aldundiaren bulego bat hesitu du Leioan, protesta gisa

Obretako hesiak eta itsasadar azpiko autobidearen kontrako kartelak paratu dituzte bulegoaren atean.

Subflubiala Ez plataformaren protesta, Bizkaiko aldundiaren bulego batean. BERRIA
Subflubiala Ez plataformaren protesta, Bizkaiko aldundiaren bulego batean. BERRIA
Ion Orzaiz.
2026ko azaroaren 28a
11:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aurreko astean, Bizkaiko Foru Aldundiak bulego bat ireki zuen Leioan, Artatza parkearen ondoko eraiki batean, Bilboko itsasadarraren azpian eraiki nahi duten autobiaren inguruan informazioa emateko. Inguruko hainbat bizilagun eta Artaza-Romo institutuko familia ugari bertaratu dira egunotan azalpen eske, baina, Subflubiala Ez plataformak salatu duenez, «ez dute inolako erantzunik jaso». Hortaz, protesta egin dute plataformako kideek, «informazio falta hori salatu eta obrak bertan behera utz ditzatela exijitzeko». Artatza parkeko obretako zenbait hesi hartuta, bulegorako sarbidea blokeatu du plataformak, eta azpiegituraren aurkako kartelak ere paratu dituzte.

Plataformak ohar batean esplikatu duenez, itsadar azpiko autobidea eraikiz gero, «egunean 11.000 auto gehiago» ibiliko dira errepideetan, eta areagotu eginen dira «kutsadura eta klima larrialdia». Horrez gain, uste dute proiektuak Artatza parkea «suntsituko» duela: «Leioa eta Getxo arteko azken birika berdea da hori, muturreko tenperaturen aurkako babesleku klimatiko naturala. Gainera, Ballonti ibaiaren ingurua eta arrain arantzadunaren habitata suntsituko ditu azpiegiturak». Plataformak oso kezkagarritzat jo du, bestalde, ibai azpiko autobidea eraikitzeko lanek Artaza-Romo institutuan eta inguruko ikastetxeetan izanen luketen eragina: «Etengabeko leherketak, zarata gorgarria, dardarizoak eta esekidura hautsa erabat bateraezinak dira ikasleen eta irakasleen osasunarekin eta ongizatearekin. Gainera, Aldundiak erabaki du Kalitate Akustikoko Helburuak (KEB) bertan behera uztea obrak egin bitartean».

Hori dela eta, plataformak eskaera egin dio aldundiari: autobidean gastatu nahi dituen 500 milioi euroak inbertitu ditzala garraio publikoa indartzeko neurrietan.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA