Subflubiala Ez plataformak kanpaldi bat antolatu du astebururako, proiektu «ekozida» salatzeko

Leioako Artatza parkean eginen dute, eta kontzertuak, bertso saioak, tailerrak eta ibilaldiak antolatu dituzte. Bertzeak bertze, proiektuak Artatza-Itzubaltzetako institutuan eraginen dituen kalteen kontrako ekinaldia izanen da.

Subflubiala Ez plataformaren ekintza, kanpaldia deitzeko. SUBFLUBIALA EZ
Subflubiala Ez plataformaren ekintza, kanpaldia deitzeko. SUBFLUBIALA EZ
Iratxe Muxika
2026ko uztailaren 2a
19:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bilboko itsasadarraren azpian autobide bat egiteko proiektua salatu du, bertze behin ere, Subflubiala Ez plataformak, Leioako (Bizkaia) Artatza parkean. Ekintzaile bat parkeko arbola batera igo da, eta bertan geratuko da hurrengo egunetan, harik eta gainerako ekintzaileak parkera iristen diren arte. Izan ere, kanpaldi bat antolatu dute larunbaterako eta iganderako, eta horren berri emateko agerraldia egin dute gaur. Parkean bertan izanen da kanpaldia, eta egitarau oso bat prestatu dute ordurako.

Autobidearen proiektuan zehaztutakoaren arabera, tunela egiteko leherketak Artatza parkearen ondoan eginen dituzte, eta horregatik eginen dute han kanpaldia, salatzeko leherketek «bibrazioak» eraginen dituztela inguruko eraikinetan, eta, horren ondorioz, «arriskua» ekarriko dutela; Artatza-Itzubaltzetako institutuan, kasurako. Baina ez hori bakarrik, plataformak azaldu du leherketek partikula kutsagarriak zabalduko dituztela airean, eta horrek kalte eginen diola herritarren osasunari. Halaber, erran dute zaratak legezko mugak gaindituko dituela.

Parkeko zuhaitzera igotzearekin batera, zera salatu nahi izan dute taldeko kideek, Artatzako arbolak moztu eginen dituztela, eta haien ordez autoak ibiliko direla hara hona, «kutsadura eta berotegi efektuko gasen isurpena handitzen».

Autobidearen proiektua «guztiz ekozida» da Subflubiala Ez plataformarentzat, bertzeak bertze, institutua obrak eginen diren lekutik «55 metro eskasera» dagoelako, eta horrek «hezkuntza jarduera normalarekin jarraitzea ezinezkoa egingo duelako». Airearen kutsadurak, gainera, ikasleei eta irakasleei eraginen die, eta hori «mehatxu larria» da, erran dutenez.

«Horregatik guztiagatik, kanpaldi bat antolatu dugu uztailaren 4rako eta 5erako, Artatza parkeak izango baititu kalterik handienak, inguruko auzoen birika berdea den horrek», esplikatu dute. Era berean, auzokide guztiak deitu dituzte parkea defendatzera eta astebururako prestatu duten egitarauan parte hartzera. «Ibilaldi historikoa egingo dugu, bertsolariak eta kontzertuak egongo dira, eta tailer batzuk egingo ditugu», aurreratu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA