«Ez da soilik marko juridiko edo politiko bati buruz hitz egitea, baizik eta komunitatearen barruan eta bereziki gure komunitatearen barruan, Euskal Herrian, mugitzen den indar isil baina bizi bati heltzea: askatasun beharrari, aitortza nahiari eta etorkizun propioa eraikitzeko oinarriari». Estitxu Garai EHUren Bizkaiko campuseko errektoreordearen hitzak dira, Nazionalismoa ikertuz nazioarteko kongresuaren bosgarren aldia abiatzeko ekitaldikoak. Xedea da arlo akademikoan gai horren inguruan garatzen ari diren eztabaiden topaleku bihurtzea Bilboko Bizkaia aretoa gaur-biharretan. Parte Hartuz ikerketa taldeak eta Subiranotasuna Europako Herrietan masterreko partaideek antolatuta egiten ari dira kongresua.
«Kongresu honen izenburuak esaten duen moduan, aurten estaturik gabeko nazionalismoen nortasun, identitate eta estatu eraikuntzei jarriko diegu arreta; eta, kongresu honetan, ikusiko dugu azterketa eta ikerketa eremu oparoa dela, bai gure unibertsitatean bai Euskal Herritik kanpo», azaldu du Iker Iraolak, Subiranotasuna Europako Herrietan masterreko partaideak. Hain zuzen, hilabeteak dira ikasle eta adituei gonbita egin zietenetik gogoeta akademiko horrekin bat egiteko eta beren ikuspegia plazaratzeko. Ordutik hona, hirurogei komunikazio inguru jaso dituzte.
Komunitatea trinkotzea
Andere Ormazabal Parte Hartuz ikerketa taldeko kidearekin eta Estitxu Garai EHUren Bizkaiko campuseko errektoreordearekin batera aritu da Iraola kongresuaren hasiera ekitaldian. Besteak beste, Ormazabalek Parte Hartuz-en ibilbideaz hitz egin du. Ikerketa talde horrek hogei urte daramatza lanean, eta 36 kide inguruk osatzen dute: «Hasi ginenetik, oso presente izan ditugu parte hartze sozial eta politikoa, eraldaketa soziala, demokratizazio prozesuak, komunitate garapena eta feminismoetatik ere egin diren irakurketa eta ekarpenak. Alde horretatik, uste dugu kongresu honek ildo horretan sakontzen dutela».
«Hasi ginenetik oso presente izan ditugu parte hartze sozial eta politikoa, eraldaketa soziala, demokratizazio prozesuak, komunitate garapena eta feminismoetatik ere egin diren irakurketa eta ekarpenak»
ANDERE ORMAZABAL Parte Hartuz ikerketa taldeko kidea
Horiek horrela, Ormazabalek interesgarritzat jo ditu azken urteotan Euskal Herriko herri ekinaldietan eta eremu instituzionalean subiranotasunaren kontzeptuari egiten ari zaizkion ekarpenak. «Ez bakarrik zapalkuntza nazionalen perspektibatik, baita burujabetzaren ikuspegitik ere; besteak beste, energiaren arloan, elikaduran, komunitatean eta beste hainbat eta hainbat eremuetan», zehaztu duenez.
Uste du gaur abiatutako kongresuaren moduko topaguneek modua ematen dutela komunitatea trinkotzeko eta elkar ezagutzeko: «Ez dadila izan norabide bakarreko esparru bat, baizik eta bi egun hauetan bilduko garen ikasle, ikerlari eta aktibisten artean eztabaidatzeko gune bat».
Hala ere, Ormazabalek irizten dio azken urteetan nazio zapalkuntzaren gaiak galdu egin duela garai batean zeukan indarra, eta deitoratu egin du auzi hori lehenengo lerro politikotik urrundu izana: «Interesgarria eta garrantzitsua iruditzen zait horri hauspoa ematea, eremu akademikoan eta herrigintzan».
Bestalde, Garai errektoreordeak azpimarratu du egun hauetako jardunaldiek lotura estua dutela Subiranotasuna Europako Herrietan masterrarekin. Haren ustez, master hori «oasi intelektual txiki bat da unibertsitate barruan, eztabaida biziak izateko toki bat». Eta hau gaineratu du: «Hausnarketa pausaturako toki bat da, aukera ematen duena bizi dugun erritmo azkar horretatik ateratzeko. Eta seguru nago kongresu honek ere hausnarketa sakonerako aukera emango duela».
Ariketa konplexua
Jardunaldiek jorratzen duten gaiari dagokionez, subiranotasunaz mintzatzea ariketa «konplexu eta bizitzat» jo du Garaik. Subiranotasuna itsasaldiekin parekatu du, hain zuzen: «Mugimendu etengabean dagoen zerbait da, inoiz geldirik ez dagoena. Komunitatearentzat subiranotasuna ez baita egitura finko eta iraunkor bat. Gorabeherak dituen fluxu bat da. Mareetan gertatzen den bezala, komunitate baten barne indarrek, kanpo presioek eta denboraren igarotzeak elkarri eragiten diote, eta oreka berri bat sortzen da etengabe». Oreka horiei buruz ere hausnartu beharra dagoelakoan dago.
«Halako topaketek aukera ematen digute etorkizun bidezkoagoa eta askeagoa izateko bideak topatzeko, eta gure komunitatea indartzeko eta trinkotzeko»
ESTITXU GARAI EHUren Bizkaiko campuseko errektoreordea
Bestalde, Garaik honakoa ere azaldu du topaketen funtzioaren inguruan: «Halako topaketek aukera ematen digute etorkizun bidezkoagoa eta askeagoa izateko bideak topatzeko, eta gure komunitatea indartzeko eta trinkotzeko».
Lehengo hitzaldia Loughborough-eko Unibertsitatean (Ingalaterra) irakasle izandako Michael Billig adituak eman du, bideokonferentziaz. Nazionalismo hutsala kontzeptua ekarri zuen hizpidera hark, orain dela 30 urte plazaratutako liburu batean. Hain zuzen, irizten dio nazionalismoen hizkuntza eta zeinuak ikertzea dela gakoa. Izan ere, Billigen iritziz, «agertzen diren banderak bezain garrantzitsuak dira agertzen ez direnak».
Palestinako genozidioa adibidetzat ipinita, hitzen esanahiak daukan garrantzia azpimarratu du. Gogorarazi duenez, XIX. mendean, deskolonizazio garaian, Tasmaniako uhartean milaka aborigen hil zituzten, eta orduan ez zuen inork ahotsa goratu genozidioaren aurka, «kontzeptu hori ez baitzen existitzen».
«Gaur, ordea, badakigu genozidio hitzak zer esan nahi duen. Israel, ordea, ahalegintzen da egiten ari den horren esanahia aldatzen, erretorikaren bitartez», aipatu duenez.
Gaiarekin lotuta, hizlariak bere osaba Levi Billig ekarri du gogora, adierazteko juduen eta arabiarren arteko harremanek, horien inguruko mugimenduak oraindik ahulak izan arren, kolokan jar dezaketela Israelen jokabidea. Levi arabiar ikasketez arduratzeko deitu zuten Jerusalemgo Unibertsitate Hebrearretik, 1925ean: «Palestinarrek eta israeldarrek eskubide berberak izango zituzten estatu bat aldarrikatzen zuen».
Hala ere, gutxi ziren bi komunitateek elkar uler zezaketela sinisten zutenak, eta egoera txarrera joan zen. 1936ko erreboltetan hil zuten Levi, tiroz. «Gaur egun, egon badaude Israelen soinez soin lan egiten duten arabiarrak eta juduak. Gutxiengoa izan arren, baliteke horrek modua ematea elkar ulertzeko, eta Israelgo Gobernua kolokan jartzea».