Kontrolpean hartu dute Gasteizko LEA lantegiko sutea

Gasteizko larrialdi zerbitzuek uste dute produktu kimikoak zituen zisterna kamioi batek eztanda egin duela. Gasteiz osotik ikusi da ke adarra.

LEA lantegiko sutearen ke zutabea Salburua auzotik ikus daiteke. EBA BEGIRISTAIN
edurne begiristain
2025eko ekainaren 20a
19:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Sute handi bat piztu da Gasteizko LEA lantegian, eta Gasteizko suhiltzaileak sua kontrolatzeko lanean aritu dira, Arabako Foru Aldundiko suteak itzaltzeko zerbitzuaren laguntzarekin. Hogei suhiltzaile kamioi joan dira bertara, eta beste horrenbeste udaltzain patruila. Sugar handiak ikusi dira fabrikako teilatutik gora; hiriaren hainbat tokitatik ikus zitekeen kea. Laskarai inguruan dago fabrika, Arriagako Atea, Artapadura eta Zadorra hiribidearen artean. Kosmetikarako produktuak ekoizten ditu enpresak.

Gasteizko Udalak krisi mahaia bildu du sutearen ingurukoak aztertzeko, eta, ohar bidez, jakinarazi du ke adarrak gora jo duela oso. Nolanahi ere, keak ez du partikula solidorik, eta kontrolatutzat jo dute. Udalak jakinarazi duenez, airearen kalitatea neurtzen ari da sutearen inguruko eremuetan, eta emaitzek adierazten dute ez dela beharrezkoa «bestelako neurririk» hartzea.

Eztanda

Arratsaldeko ordu biak aldera, eztanda bat entzun da fabrikan, eta su handia piztu gero. Gasteizko Udaleko larrialdi zerbitzuek jakinarazi dutenez, hipotesi nagusia da produktu kimikoak zituen zisterna kamioi batek eztanda egin duela eta, horren ondorioz, beste leherketa batzuk eragin dituela inguruko biltegietan. Hala ere, sua zergatik piztu den erabat argitu gabe dago oraindik. Iturri horiek baieztatu dute langileek lantokitik irtetea lortu dutela.
 

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi du fabrika dagoen industrialdea hustu duela, badaezpada. Larrialdi plana martxan jarri du udalak, eta, besteak beste, inguruko eraikinak hustu ditu. Halaber, lantegitik gertu dauden bizilagunei eskatu die ez hurbiltzeko ingurura, etxean geratzeko eta leihoak ixteko.

Hasieran, suhiltzaileek atzera egin behar izan dute, segurtasun arrazoiak direla eta, baina, geroago, suhiltzaileek aukera izan dute sutera inguratu eta bertatik bertara itzaltzen saiatzeko, zuzenean ura botaz. Horren ondorioz, ke zutabea nabarmen txikitu da.

Sutearen berri izan eta berehala, Abetxuko auzoko eta lantegitik hurbilen dagoen Arriaga auzoko bizilagunak «konfinatu» zituen udalak, ohar batean adierazi duenez. Geroago, baina, bertan behera utzi du Abetxukoko etxebizitzetako konfinamendua, eta bide bat ireki du hara iritsi ahal izateko, Agirrelanda kaletik. Inguruko garraio publikoa ere etenda egon da.

Sutea kontrolpean dagoen arren, udalak azaldu du oraindik ere «luze» joko duela erabat itzaltzeak. Enpresak, berriz, esan du ez dakiela sutea zergatik piztu den eta ez dutela informaziorik jasandako kalteen inguruan, baina, edonola ere, kalte horiek «handiak» direla. Haren esanetan, istripuak ez dio produktuen banaketari eragingo «oraingoz».

200 urteko enpresa

Euskal Herriko enpresarik zaharrenetako bat da Gasteizko LEA, 2023ko urrian 200 urte bete baitzituen. 1823an du jatorria: urte hartan, Juan Bernardo Laskarai Ziburutik (Lapurdi) Gasteizera iritsitako enpresariak kandelak egiten zituen lantegi txiki bat hartu zuen Ariznabarra auzoan. Haren seme Casimiro Lascaraik beste lantegi bat ireki zuen 1847an xaboiak eta garbigarriak egiteko, eta orduan hartu zuen enpresak La Estrella Alavesa-LEA izendapena. Egoitza nagusia 1973an eraman zuten Arriaga auzoko industrialdera; horixe da, hain zuzen, su hartu duen lantegia.

Batez ere, bi produktu mota ekoizten ditu enpresak gaur egun: alde batetik, produktu kosmetikoak, bereziki bizarra egiteko xaflak eta aparra eta desodoranteak; eta, beste aldetik, gantz azidoak, garbigarriak eta leungarriak egiteko erabiltzen direnak. Egun, Laskarai familiaren bosgarren eta seigarren belaunaldiko kideak daude enpresaren zuzendaritzan, produktuen %30 esportaziora bideratzen dituzte, eta 95 behargin dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.