«Suizidioari buruz ia ez da hitz egiten: ulertzen ez den dolu bat izaten da, eta babes sozial gutxikoa»

Suizidioaren inguruan gogoeta egiteko eta sentsibilizatzeko jardunaldia egin du gaur Aidatu elkarteak, EHUko Bizkaia aretoan, Bilbon. Senideren bat galdu dutenengan jarri dute arreta.

Mahai inguruko parte hartzaileak eta moderatzaileak. ARITZ LOIOLA / FOKU
Mahai inguruko parte hartzaileak eta moderatzaileak. ARITZ LOIOLA / FOKU
14789412 kepa
Bilbo
2025eko azaroaren 21a
18:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Epaitu gabe laguntzea eta ihes egin gabe entzutea. Horiek dira Aidatu elkartearen oinarriak bere buruaz beste egiten dutenen senideak zaintzeko. Izan ere, horrelako heriotza batek beste bat eragin dezake. Suizidioa eragozteko neurriak nahikoa izan ez direnean, beharrezkoa da senideei arreta ematea. Aidaturen arabera, komunitate osoak egin behar du lan hori, ez soilik profesionalek.

Urtero bezala, suizidioaren inguruan gogoeta egiteko eta sentsibilizatzeko jardunaldia egin du gaur Aidatu elkarteak, EHUko Bizkaia aretoan, Bilbon. Goiari eustea pertsona maite batek bere buruaz beste egin ondoren leloa aukeratu dute ekitaldirako. Izan ere, Cristina Blanco Aidaturen presidenteak azaldu duenez, aurten, bere buruaz beste eginda maite duten norbait galdu duten haiengan jarri nahi izan dute arreta.

«Suizidioa oso prozesu gogorra izaten da familientzat. Horri buruz ia ez da hitz egiten: ulertzen ez den dolu bat izaten da, eta babes sozial gutxikoa». Jardunaldi horren bidez «tabua hautsi eta senideei arreta ematea ere prebentzio lana egitea» dela gogorarazi dute.

«Argi dago gure mezua: ez daude bakarrik, eta maite dugun norbait suizidioagatik galdu ondoren, goiari euts diezaiokegu»

CRISTINA BLANCO Aidatu elkarteko presidentea

Gainera, aurreko urteetan ez bezala, gaurko saioa EHUrekin elkarlanean egin dute. Hartara,Suizidioa: Ezagutza, Prebentzioa eta Jarduera Ingurune Psikosozial Komunitarioetan graduondoko hainbat ikasle ere izan dira saioan.

Bestalde, ez da kasualitatea Aidatuk gaurko eguna aukeratu izana. Blancok gogorarazi duenez, Suizidiotik Bizirik Iraun Dutenen Nazioarteko Eguna AEBetan ospatzen duten Eskerrak Emateko Egunaren aurreko azaroko azken larunbatean egiten da.

Baliabide nahikorik ez

Jardunaldian zehar, psikologia arloko profesionalek eta bere buruaz beste egin dutenen senideek beren esperientziaren eta laguntza proiektuen berri eman dute, suizidioagatiko dolua ikusarazteko eta laguntza komunitarioko estrategiak sustatzeko.

Egitarauari hasiera emateko, Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Ongizate sailburuak, Teresa Laespada Bizkaiko foru diputatuak eta Marian Iriarte EHUko errektoreordeak parte hartu dute hasierako ekitaldian, eta lehenengo biek adierazi dute erakunde publikoek suizidioari aurre egiteko «neurri nahikoa» hartzen dituztela.

«Neurriak hartu beharko lirateke, suizidioagatik senideren bat galdu dutenak artatzen amaitu behar ez izateko»

VANESA VADILLO Asafes elkarteko kidea

Geroago hitza hartu duten elkarteetako ordezkariak, ordea, ez dira iritzi berekoak. Vanesa Vadillok esan duenez, ez dago zerbitzuen arteko koordinaziorik pertsona batek bere buruaz beste egitea eragozteko. Asafes buru osasun arazoak dituztenen eta haien senideen Arabako elkarteko kidea da bera. Azaldu duenez, «hezkuntza arloan protokolo bat daukate, beste bat osasun arloan, baina ez dago une bakoitzean nora jo behar duzun esaten dizun inor». Haren ustez, neurriak hartu beharko lirateke, «suizidioagatik senideren bat galdu dutenak artatzen amaitu behar ez izateko».

Getxoko Bihozbera elkarteko Iñigo Rekaldek ere uste du «eskasa» dela erakunde publikoek ematen duten laguntza. Ez bakarrik elkarteentzako trebakuntzari edo lokalei dagokienez: «Suizidioa eragozteko neurrien artean, bere buruaz beste egiteko ohiko lekuetan esku hartzea aurreikusten dute; besteak beste, zubiak eta itsaslabarrak hesitzea, eta inguruan prebentziorako kartelak jartzea, alegia». Gogorarazi duenez, bere buruaz beste egiten duten getxoztarren herenek udalerri hartako Galeako paseoan egiten dute hori, «baina udalak orain arte ez du inolako neurririk hartu».

Iratxe Etxenike Biziraun elkarteko kideak nabarmendu duenez, «ahalik eta azkarrena» behar du laguntza bere buruaz beste egin nahi duen norbaitek, baita senide bat galdu ostean dolua sufritzen ari diren senideek ere.

Senideen arreta, zeregin kolektibo gisa

«Argi dago gure mezua: ez daude bakarrik, eta maite dugun norbait suizidioagatik galdu ondoren, goiari euts diezaiokegu», adierazi du Blancok, Aidaturen izenean. «Gainera, besteei laguntzeko lan egitea terapeutikoa izateaz gain, funtsezkoa da gizarte solidarioagoa eta zaintzaileagoa eraikitzeko».

«Aldi berean, bakarrik, errudun eta lotsatuta sentitzen nintzen, eta hori guztia ezin nion inori esan, pentsatzen nuelako ez nindutela ulertuko. Sufritzen ari nintzen hori bera bizitzen ari ziren pertsonak behar nituen nik»

IRATXE ETXENIKE Biziraun elkarteko kidea

Hitzaldien ondoren egindako azken mahai inguruan parte hartu duten elkarteetako kideak harekin bat etorri dira. Bereziki adierazgarria izan da Etxenikek azaldutakoa. Hark aita galdu zuen 2020ko azaroan. Psikologia ikasten ari zen orduan: «Laguntza behar nuela esan zidan irakasleetako batek, eta Biziraunera eraman ninduen».

«Aldi berean, bakarrik, errudun eta lotsatuta sentitzen nintzen, eta hori guztia ezin nion inori esan, pentsatzen nuelako ez nindutela ulertuko. Sufritzen ari nintzen hori bera bizitzen ari ziren pertsonak behar nituen nik». Horixe bera aurkitu zuen Etxenikek Biziraun elkartean, eta geroago besteei laguntzeko grina piztu zitzaion.

Rekalderi gauza bera gertatu zitzaion. 2017ko martxoan galdu zuen 14 urteko alaba, eta Biziraun elkartean aurkitu zuen laguntza. Gaur egun, Getxoko Bihozbera elkartean dihardu, Alerta Zurt egitasmoan. Suizidio arriskua dagoenean aintzat hartu beharreko seinaleei buruzko trebakuntza ematen dute horren bitartez, hitzaldiak eta mintegiak antolatuz.

Aurrekoak ez bezala, Vadillo suizidioari buruzko ikasketak egiten hasi zen, Psikologiako ikaslea zela. «Suizidioagatiko heriotza bat gertatzen zenean, esaten ziguten familia ezin zela molestatu», gogorarazi du. Senideei laguntzako premia sentitu zuen hark.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.