Susmo txarra piztu duten kaleratzeak

Konecta BTO enpresako langileek protesta egin dute Bilbon, kaleratu dituzten hamahiru langileak berriro onar ditzatela eskatzeko.

Konecta BTOko enpresako langileak, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Konecta BTOko enpresako langileak, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Bilbo
2026ko abuztuaren 11
16:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Dozenaka langile bildu dira Bilboko Kale Nagusian, El Correo egunkariaren egoitzaren aurrean, emakumeak gehien-gehienak. Ez da kasualitatea; Konecta BTO telemarketineko enpresako beharginak dira, eta komunikabide horrentzat eta Iberdrolarentzat lan egiten dute bereziki, azpikontratatuta. Telemarketinarena sektore feminizatuenetariko bat da, eta adimen artifizialaren eragina gehien nabaritzen ari denetako bat. Enpresatik kaleratu dituzten hamahiru beharginak berriro onar ditzatela eskatzeko egin dute protesta. Susmo txarra hartu diete enpresak egindako azken mugimenduei eta emandako azalpenei, eta uste dute balitekeela atzean beste zerbait egotea.

Goiatz Garitaonandia Konecta BTOko langileak azaldu du azpikontraten bidez funtzionatzen duela telemarketinaren sektoreak: «Bezero batek arreta zerbitzua subrogatzen du: Konectak jasotzen du, eta langileak kontratatzen ditu». Gogoratu du Espainiako lan hitzarmena aplikatzen zaiela langile horiei, eta soldata «oso baxuak» dituztela Euskal Herriko bizi mailarako.

LABek, ELAk eta CCOOk deitu dute elkarretaratzera. Bosgarren lanuztea dute, eta hurrengo astelehenean egingo dute beste bat. «Diziplina arrazoiak» eta «lan bolumenaren beherakada» izan dira kaleratzeen justifikazio nagusiak. Hitz horien atzean adimen artifizialaren itzala ageri da, sektore horretan gero eta zabalduago baitago haren erabilera. Sindikatuek informazio gehiago eskatu arren, enpresak uko egin dio emateari. «Gure ustez, baliteke kaleratze hauen atzean enplegua erregulatzeko ezkutuko espediente bat egotea, kaleratze kopuruagatik eta enpresak emandako arrazoiengatik», azaldu du Garitaonandiak.

«Gure ustez, baliteke kaleratze hauen atzean enplegua erregulatzeko ezkutuko espediente bat egotea, kaleratze kopuruagatik eta enpresak emandako arrazoiengatik»

GOIATZ GARITAONANDIA Konecta BTOko langilea

Konecta BTO telemarketinean diharduen multinazional bat da, eta Gueñesen (Bizkaia) du egoitzetako bat. Lantegi horretan 275 langile inguru daude, eta hamarretik zortzi emakumeak dira. Horrez gain, behargin gehienek lanaldi partzialeko kontratuak dituzte.

Lau bezerorentzat egiten dute lan; Iberdrola eta Vocento dira nagusiak. Orain hamahiru langile kaleratu dituzte, baina Garitaonandiak gogoratu du ez dela lehen aldia: «2025ean egin zuten erregulazio espedientea, baina ez zituzten nahi beste kaleratu». Salatu dute kaleratzeak udan egin dituztela, jendea oporretan dagoela edo egun libreak dituela, «ezkutuan». Eta irailerako gehiago espero dituztela. Langileak ez dira geldirik egongo, ordea: «Lanuzte eta mobilizazio gehiago egingo ditugu, enpresak langileei entzun, soluzioa eman eta kaleratutakoak berriro onartu arte».

Hitzarmen propioaren beharra

Espainiako telemarketinaren sektoreko lan hitzarmena dute Konecta BTOko langileek. Horren arabera, teleoperadore batek 1.200 euro gordineko hamalau ordainsari jasotzen ditu urtean; eta 30 orduko lanaldi partziala duenak, 900 euro eskas. Osagarriak izaten dituzte jaiegunetan lan eginez gero eta hizkuntza bat baino gehiago menderatzen badute.

Telemarketinaren sektoreak azpikontraten bidez funtzionatzen du nagusiki, eta bezeroek enpresaren esku uzten dute zerbitzua; hala egiten dute Iberdrolak eta Vocentok: «Lizitazio baterako deialdia egiten dute, eta ekonomikoki errentagarriena zaien aukera hautatzen dute». Orduan, soldata baxuenak ematen dituen enpresa kontratatzen dute, eta ondorioz, langileei eragiten die.

Garitaonandiaren ustez, soldata hori ez da «nahikoa Euskal Herriko egoerarako». «Normalean, ez da gure soldata nagusia izaten; beste lan batzuk ditugu. lan hau gehigarri bat izaten da guretzat, ez baitu ematen bizitzeko». Lurraldeko edo erkidegoko hitzarmena eskatzen dute, 1.500 euroko gutxieneko soldata jasoko duena.

Arantxa Aretxabala lankideak gaineratu du sektoreko langile asko ikasten edo beste lanen batean dabiltzala. Horrek aukera ematen die ordutegi malguak izateko: gehienez 39 orduz egiten dute lan, baina askok bi, lau edo bost ordu egiten dituzte egunean. Kanpainaren eta zentroaren arabera aldatzen da, eta baita egoera pertsonalaren arabera ere. «Guztiz feminizatuta dago sektore hau; batez ere, prekarioa delako, eta umeak eta zaharrak zaintzeko aukera ematen duelako».

Sindikatuen arabera, azken kaleratzeak eginda enpresak agerian utzi du zein den bere lehentasuna: «Irabaziak maximizatzea, beren langileen ongizatearen eta duintasunaren gainetik bada ere». Horregatik uste dute kaleratze horiek ez direla «kasu bakanak», eta sektore osoaren «prekaritate laborala» eta «enpleguen suntsiketa» islatzen dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA