Lan publiko guztietan izango dute Espainiako Gobernuak iragarritako murrizketek eragina. Obra guztiak gutxienez urtebete atzeratuko direla esan du Jose Blanco Espainiako Sustapen ministroak gaur. Batzuk, gainera, bertan behera utziko dituztela adierazidu, egoera ekonomikoa hobetu arte. "Berria sortu baino gehiago, daukaguna ahalik eta ondoen erabiltzeko garaia bizi dugu".
Baina bazterrean utziko direnak ez dira abiadura handiko trenarenak izango. Blanco Sustapen ministroak esan duenaren arabera, "lehentasuna" izango dute AHTaren lanek, eta baita ohiko trenbide sarean egin beharreko moldaketek ere.
Lehentasuna "ekonomiarentzat ezinbesteko diren azpiegiturek" izango dute, "erkidego bakoitzeko ekonomientzat eta Espainiako kohesioarentzat ezinbesteko" direnak. Lan horietan kontuan hartuko da parte-hartze publiko-pribatua, Jose Blanco Espainiako Sustapen ministroak esan duenez. Espainiako Kongresuan eman ditu azalpenok.
Sustapen Ministerioan, gainerakoan, %15 jaitsiko ditu gastuetarako aurrekontua, eta %8 ministerioak lan egiten duen enpreseran. Orotara, 1.200 milioi euro aurreztu nahi ditu.
Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteak, Estatuko defizit publikoa %11,2tik 2013rako %3ra jaisteko asmoz, neurri gogorrak iragarri zituen gaur zortzi; besteak beste, inbertsio publikoa aurten eta hurrengoan 6.045 milioi eurotan jaitsiko dutela, eta Blanco Sustapen ministroak gaur eman ditu xehetasunak. Aintzat hartu behar da aurten dagoeneko 5.000 milioi euroko murrizketa egin duela gobernuak; guztira, beraz, 11.000 milioi euro dira.
Blancok nabarmendu duenez, erkidego guztietan aplikatuko dituzte murrizketak, "herritarrek ez luketeelako ulertuko neurri batzuk hartzea, eta lan publikoa ez egokitzea. Murrizketak jasango dituzten funtzionarioek ere ez lukete ulertuko"
azpiegiturak
Sustapen publikoko obra guztiak gutxienez urtebete atzeratuko direla esan du Jose Blanco ministroak
Trenbide sareko lanei eragingo diete gutxien Espainiako Gobernuak iragarritako murrizketek, lan publikoaren arloan: abiadura handiko trenari eta egungo trenbide sareari. Beste obra batzuk, berriz, bertan behera geldituko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu