Sute bat piztu da Gardelegiko zabortegian

SOS Deien arabera, suhiltzaileek kontrolpean dute sutea. Eguzkik ohartarazi du suak plastikoak erretzeak «arriskutsuak izan daitezkeen substantzia kutsagarriak» sor ditzakeela.

Gardelegiko zabortegia. SOS DEIAK
jon olano
2020ko ekainaren 28a
15:48
Entzun

SOS Deiek jakinarazi dutenez, sute bat piztu da Gardelegiko zabortegian, Gasteizen, 12:30 inguruan. Suhiltzaileak bertara joan dira, eta lanean dihardute; kontrolpean dute sutea, baina ez itzalita, eta ohartarazi dute litekeena dela kea luzaroan ikustea. Izan ere, ke beltzezko zutabe luze bat sortu du suteak, eta, Gasteizko Udaleko iturrien arabera, haizeak galarazi du ke hori hirigunera joatea.

Eguzki talde ekologistak azaldu duenez, Gardelegi hondakinak biltzen dituen zabortegi bat da. 93 hektarea ditu Gasteizko Mendietako paraje naturaletik gertu, eta Zadorra ibaiko ura lindanoz kutsatu du azken urteotan. Bizitza erabilgarria 2036ra arte luzatu du, eta espazioa hedatzeko fasean dago, «lehen Zaldibiarrera zihoazenak baino askoz hondakin gehiago biltzen baititu (23.000 tona inguru)».

Ohartarazi dute hondakinen aire zabaleko sua «oso negatiboa» dela «osasunerako arriskutsuak diren kutsatzaileen emisioengatik, hala nola dioxina eta furanoengatik eta hidrokarburo aromatiko poliziklikoengatik», eta plastikoak erretzeak «arriskutsuak izan daitezkeen substantzia kutsagarriak sortzea» eragin dezakeela.

Hori dela eta, Eguzkik espediente bat irekitzeko eskatu du, sutearen nondik norakoak eta hondakinen kudeaketan eta ikuskapenetan dagoen kontrola ikertzeko, eta Gasteizko Udalak hondakinez egiten duen kudeaketa kritikatu du: «Uste dugu hondakinen politika osoa berrikusi behar dela, informazioa, gardentasuna eta kudeaketaren erantzukizuna eskaini behar direla Zaldibarren edo gaur Gardelegin izandako sutearen antzeko egoerarik ez izateko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.