Milaka herritar etxean babestera behartu ditu Pasaiako portuko sute baten keak

Suhiltzaileak, SOS Deiak eta Pasaiako portuko atoiontziak sua itzaltzeko lanetan aritu dira. Abisu eman dute: keak «osagai toxikoak» izan ditzake. Leihoak ixteko gomendioa ere eman diete bizilagunei.

Pasaiako portuko sutea, Pasai Donibanetik ikusita. G. INTXAUSTI SALABERRIA
arantxa iraola
2026ko abuztuaren 21a
09:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ke zuri batek hartu ditu gaur goizean Pasaiako portuko inguruak. Goizean goiz jakinarazi du Portuko agintaritzak sute bat piztu dela txatar tontor batean, eta hura itzaltzeko ahaleginetan ari zirela. Suhiltzaileak, SOS Deiak eta Pasaiako portuko atoiontziak lankidetzan aritu dira. Errenteriako Udalak prentsa ohar baten bidez adierazi duenez, sutea 12:30 inguruan itzali dute.

Bitartean, inguruko bizilagunentzako neurriak hartu dituzte ertzainek; Pasai Donibanera heltzeko errepidea ixteko agindua eman dute, eta trafikoa Jaizkibeletik bideratu dute udaltzainek. Hala ere, eguerdirako ireki dute Pasai Donibanera iristeko errepidea. Bidegorria ere moztuta egon da. 

Pasaiako Udalak ohar bat atera du goizean. Zabaltzen ari zen kea arriskutsua dela esan du: «Suhiltzaileen arabera, suteak sortzen duen keak edo lurrunak osagai toxikoak izan ditzake». Itxuraz, herritarrentzat arriskutsuak diren kutsatzaileak ez dira larregi hedatu: Errenteriako Udalak geroxeago eguneratu duenez, Errenterian behintzat, «ez dago ezohiko neurrien beharrik». «Erre usaina antzeman daitekeen arren, osasun arloko langile publikoek ohartarazi dute oraingoz ez dagoela ezohiko neurrien beharrik», adierazi dute.

Keak, batez ere, Lezo ingurura egin du, eta bertako bizilagunek telefono bidezko alerta bat jaso dute abisuarekin. Lezoko Udalak herritarrei «leihoak ez irekitzeko eta sutearen inguruko kaleetara ez ateratzeko» gomendioa eman arren, eguerdirako adierazi du herritarrak «normaltasunez» irten daitezkela kalera, osasun arloko langileek egin dituzten neurketen arabera. Lezoko alkate Mikel Arrutik salatu du Lezoko Udalari ez zaiola informaziorik eman, «inor ere» ez dela harremanetan jarri harekin, eta kezka azaldu du ez ote duten «berriro ere» itsasora botako sua amatatzeko erabilitako ura, 2018an jazo zen moduan.

(ID_16376625) (Gorka Rubio/@FOKU) 2026-08-21, Lezo. Sutea Pasaiako portuan, txatarra pilo batean, Lezo aldean21-08-2026, Lezo
Suteak ke-laino handia eragin du. GORKA RUBIO / FOKU

Pasaiako Portuak ukatu egin du alkatearen salaketa. 112 zerbitzuak Lezoko Udalari egin dion lehenengo deia 05.21ean izan dela zehaztu du, eta ziurtatu Portuko Agintaritza Pasaiako udalekin eta Errenteriakoarekin «uneoro» egon dela harremanetan, «Udaltzaingoaren bidez batez ere».

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak, berriz, zehaztu du «batez ere autoak eta bateriak» erre direla sutean, eta horregatik erabaki dutela inguruko bizilagunei etxean geratzeko derrigortasuna ezartzea. Airearen azken neurketak, ordea, normaltasunaren barruan daudela erantsi du, eta dagoeneko etxeko lehioak ixteko derrigortasuna bukatu dela jakinarazi dute, ES-Alert baten bidez. 

Ez da lehen aldia

Ez da lehen aldia Pasaiako portuko txatar pilaketek su hartzen dutena. 2018ko abuztuaren 2an ere su hartu zuen portuan pilatutako txatar muino batek, eta ke zutabe handia zabaldu zen inguruko herrietara. Orduan ere, Eusko Jaurlaritzak leihoak ixteko gomendatu zien Lezo eta Pasai Donibaneko bizilagunei, eta haurrak sutetik aldentzeko eskatu zuen.

Orduko sutea lau ordu ingururen ondoren kontrolatu zuten suhiltzaileek, nahiz eta ondoren ere txatarra mugitzen eta hozten aritu ziren, arriskuak saihestu guran. Ordu hartan ez zen inor zauritu, eta portuko makinek ere ez zuten kalterik izan. Bizilagunek, ordea, kezka erakutsi zuten erretzen ari ziren materialen inguruan, batez ere horiek erretzean aska zitzaketen gai toxikoen inguruan. 

(ID_16376635) (Gorka Rubio/@FOKU) 2026-08-21, Lezo. Sutea Pasaiako portuan, txatarra pilo batean, Lezo aldean21-08-2026, Lezo
Sutea itzaltzeko lanetan, atzo. GORKA RUBIO / FOKU

Zortzi urte geroago, antzera daude gaur Pasaiako portuaren inguruan: txatar tontor batek su hartu du, keak Lezo alderantz egin du, eta agintariek berriz ere leihoak ixteko eta sutetik hurbil ez ibiltzeko eskatu diete herritarrei. 

Herritarrek egoeraren gaineko kezka adieraziko dute arratsaldean. Herritar talde batek elkarretaratzera deitu du 18:30erako, Lezoko plazan. Portuaren etekinak lezoarron osasunaren kontura? Ez! lelopean bilduko dira. 

(ID_17873334489005) Elkarretaratzea Lezon
Lezon egindako elkarretaratzea. BERRIA

 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA