Iruñeko Arrotxapea auzoan atzo arratsaldean piztutako sute batek bazar bat suntsitu du, eta suteak eragindako keak inguruko etxebizitzak hustera behartu du. Arrotxapeko etorbide nagusian izan zen sutea, Marcelo Celayeta kaleko 100.ean, eta suhiltzaileek gau osoa eman dute hura itzaltzen. Inguruko lau etxebizitza hustu dituzte, eta bi lagun intoxikatu dira, suak eragindako ke toxikoa arnastu dutela eta.
17:35 aldera jaso zuten suhiltzaileek abisua. Jabeak deitu zuen, bazarra ireki berritan sua zegoela nabaritu ostean. Cordovilla eta Trinitarios parkeetako suhiltzaileak bertaratu ziren. Ke beltz eta toxikoaren ondorioz, hesitu egin zuten ingurunea, eta inguruko etxeetako bizilagunak leihoak ixtera behartu. Halaber, ondoko lau etxebizitza hustu behar izan zituzten, suteak ke handia eragin baitzuen: hala nola Marcelo Celayeta etorbideko 100. eta 102. atarietako etxeak eta alboko Bidankoze kaleko 15.eko eta 17.eko etxeak.
Gauez aritu dira itzaltze lanean, eta goizeko lehen orduan bazar barruan jarraitzen zuten lanean, puntu beroak itzaltzeko asmoz. Era berean, bizilagunak ezin izango dira etxera itzuli, hustutako etxeetan kearen arrastorik ez dela eta airearen tenperatura eta kalitatea egokiak direla egiaztatu arte.
Intoxikatutako bi lagunak tokira bertaratutako anbulantzia baten artatu dituzte, eta ez da beharrezkoa izan haiek ospitaleratzea.

Suhiltzaileak itzaltze lanetan. NAFARROAKO SUHILTZAILEAK
Atxilotu bat Bizkaian
Emakume bat atxilotu du Ertzaintzak Bizkaian, azaroaren 13an Barakaldoko etxebizitza batean piztutako sutearekin zerikusia duelakoan. Sutearen ondorioz 48 urteko gizonezko bat hil zen, garretatik ihesi leihotik salto egin zuela eta. Beste hiru erietxean artatu behar izan zituzten.
Karmen kaleko bizilagunek eman zuten sutearen abisua, goizaldean. Une hartan lau gizonezko zeuden etxe barruan. Larrialdi zerbitzuak heldu zirenean, gizonetako bat kalean aurkitu zuten, sutetik ihesi egin nahian leihotik jauzi eginda. Beste bi etxebizitza barruan zeuden, laguntza eske. Suhiltzaileek erreskatatu zituzten biak, eta hirugarrena etxe barruko patio batean topatu zuten. Ertzaintzaren arabera, sutea nahita piztutakoa izan zen.