Sute txikiak handi bihur ez daitezen

Azken urteotan gero eta sute bortitzagoak piztu dira Euskal Herrian; batez ere, Araban eta Nafarroan. Lurralde horietako adituen arabera, badago halakoei aurre egiteko nahikoa baliabide; nolanahi ere, ohartarazi dute goranzko joera ez dela etengo.

Helikoptero bat Ezkabarteko sutea itzaltzeko lanetan, ekainean. JESUS DIGES / EFE
Helikoptero bat Ezkabarteko sutea itzaltzeko lanetan, ekainean. JESUS DIGES / EFE
maddi iztueta olano
2026ko abuztuaren 5a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bortitzak, handiak eta ohikoak; halakoak bihurtu dira Euskal Herriko suteak azken urteotan. Uda sasoian gertatzen dira gehienak; bereziki, Araban eta Nafarroan; eta, sugarrak itzali arren, errautsek berriro ere su hartuko duten beldurrak belardi erreetan eta magal idorretan dirau. Joera argia da: gero eta sute gehiago pizten dira Euskal Herriko mendietan; hots, Nafarroako suhiltzaileek joan den astean jakinarazi zutenez, 354 sutetan esku hartu dute ekainaren 1etik hona, iaz epe berean baino ehun gehiagotan. Goranzko joera horren eragileen inguruan galdetuta, bi azalpen eman ditu Nafarroako suhiltzaile taldeko Asier Agirrek: «Klima aldatzen ari da: bero handiagoa egiten du, eta luzaroago irauten du; hortaz, mendiak lehorrago daude, eta errazago har dezakete su. Bestalde, zikin daude». Eta, haren arabera, baldintza horien aurka «ezer gutxi» dago egiteko. 

Uda hasi zenetik, 225 hektarea erre dira Araban, eta 1.150 inguru Nafarroan. Oraingoa ez da, dena den, suteek Euskal Herriko zenbait eremu kiskaltzen dituzten aurreneko aldia. Agirrek Tuterako (Nafarroa) parkean egiten du lan 2021. urtetik, eta data jakin bat ekarri du gogora: 2022ko ekaina; hots, Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, 15.000 hektarea inguru erre ziren urte hartako ekainaren 15aren eta 22aren artean. Agirreren hitzetan, ordutik «aldaketa handiak» egin dituzte suteei aurre egiteko ondutako araudietan, eta udari begirako plana moldatu eta egokitu egiten da urtero. «Halere, etorkizunera begira jarri eta datozen hamar edo hamabost urteetako egoerari erreparatu ordez, beti suaren atzetik gabiltzan irudipena daukat», gehitu du. 

Suari aurrea hartzeko, hain justu, prebentzio neurriak indartu eta aktibatu behar dira. Halaxe uste du Arabako Foru Aldundiko suhiltzaile zerbitzuko arduradun Iñaki Gurtubaik: «Udako baso suteak neguan itzaltzen dira. Neguan zaindu egin behar da mendia: pistak prestatuz eta sastrakak kenduz». Horretarako, kontatu du Arabako Foru Aldundiak urtero aldatu eta egokitzen duela suteei aurre egiteko plana. Are, aurten abiatutako programa baten berri eman du: «Laguntza ekonomiko baten bidez sustatuko dugu suteak prebenitzeko ahuntzak mendietan dituzten abeltzainak. Mendietan zikina kentzeko oso animalia aproposak dira ahuntzak». 

Horrez gain, Gurtubaik nabarmendu du baso suteei buruzko formakuntza saioak eskaini dituztela, bai udal eta kontzejuetako lankideei, bai nekazari eta abeltzainei. Eta esan du itzaltze lanetan ere aurrerapauso handiak eman dituztela, besteak beste baliabide gehiago eskuratu dituztelako; kasurako, Aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak duela hiru urte erositako helikopteroa: «Iruña Okako parkean egon ohi da, eta oso lagungarria izaten da suteen aurkako borrokan». 

«Udako baso suteak neguan itzaltzen dira. Neguan zaindu egin behar da mendia: pistak prestatuz eta sastrakak kenduz»

IÑAKI GURTUBAI Arabako suhiltzaile zerbitzuko arduraduna

Mendiak zaintzea giltzarri dela uste du suhiltzaileak ere: «Larreak oso zikin daude, bidezidor askotatik ezin da ibili ere egin; horiek zaintze aldera, erraztasunak eman behar genizkieke artzainei, nekazariei eta abeltzainei, araudi lausoagoak ezarri. Gaur egun, hamaika paper eta txosten aurkeztu behar dira mendian edozein jarduera egiteko; duela berrogei urte ez zen halakorik behar, eta mendiak zainduago zeuden». Esan du ulertzen duela, halere, ezinbestekoa dela zenbait neurri hartzea «ekosistemak eta espezie jakin batzuk babesteko». 

Eta behin sutea piztu denean jarraitu beharreko argibideak zerrendatu ditu Agirrek: «Kasu egin behar zaie agintariek eta suhiltzaileek zabaldutako abisuei. Asko eskertzen dugu makineriarekin edo traktoreekin suak itzaltzeko lanetan laguntzea, eta, batez ere, oztopo ez egitea». Izan ere, baldintzak baldintza, Euskal Herriko suhiltzaile taldeak «prest» daude suteei aurre egiteko: «Nafarroan baliabide aldetik nahiko ondo gaude. Azken urteetako sute handien ondorioz, asko sendotu eta hobetu da zerbitzua; dena den, badago zer hobetu, noski».

Aurreikuspen onik ez

Euskal Herriko sute gehienak Araban eta Nafarroan piztu ohi dira; bereziki, Nafarroa hegoaldean eta erdialdean. Azken urteotan, ordea, zenbait sute izan dira Nafarroa iparraldean ere, hala nola Goizuetan. Aldaketa horren jakitun da Agirre: «Lehen, udako suteak hegoaldean izaten ziren; pixkanaka-pixkanaka, iparraldean ere pizten ari dira, eta lehen hori ez zen gertatzen». Eta Nafarroan bertan gertatu den gisan Euskal Herriko iparraldean gauza bera gerta ote daitekeen galdetuta, ohartarazpena egin du suhiltzaileak: «Oraingoz, sua ez da inoiz pagadietan sartu, baina, suteek duten indarra eta arriskua ikusita, litekeena da Gipuzkoan eta Bizkaian ere halakorik iristea». 

«Larreak oso zikin daude; horiek zaintze aldera, erraztasunak eman behar genizkieke artzainei, nekazariei eta abeltzainei»

ASIER AGIRRE Nafarroako suhiltzailea

Tokian tokiko arriskua urteko sasoiaren araberakoa dela azaldu du Gurtubaik. Jakinarazi duenez, udan sute arriskurik handiena Araban izaten da, «isurialde mediterraneoan»; Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, «irail eta urri artean». Aurrerantzean suteak, piztu, piztuko direla nabarmendu du Arabako suhiltzaile zerbitzuko arduradunak, eta esan du «gizakiaren jardunak» eragin ohi dituela: «Batzuetan nahita, eta, gehienetan, nahi gabe». Baina «tenperatura beroek, hezetasun faltak eta haizeteek» areagotu egiten dute suteak zabaltzea. Hortaz, Gurtubaik argi dauka helburua: «Sute txikiak itzaltzea, ez daitezen handi egin». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA