Sute handia piztu da Ezkabarten, Ezkaba mendiaren magal batean

Sei suhiltzaile etxetako suhiltzaileak eta bi helikoptero bertaratu dira.

Sutearen ikuspegia, Iruñetik. IÑIGO URIZ / FOKU
Sutearen ikuspegia, Iruñetik. IÑIGO URIZ / FOKU
jakes goikoetxea
2026ko ekainaren 25a
19:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Sute bat piztu da Ezkaba mendiaren magalean, Ezkabarten (Nafarroa). 17:42an eman diote sutearen berri SOS Nafarroari. Mendiko lursail batean sortu da, NA-4210 errepideko 2,4. kilometroaren parean, Makirriainen. Pinudi batera zabaldu da handik, SOS Nafarroak azaldu duenez. Foruzainek etxetik ateratzeko eskatu diete Makirriaingo goiko aldeko bizilagunei, Noticias de Navarra egunkariaren arabera. Hustu egin dituzte Anotz, Nabatz eta Usi, SOS Nafarroak jakinarazi duenez. 

Suhiltzaileak eta helikopteroak sutea itzaltzeko lanean ari dira. Cordovillako, Iruñeko, Lizarrako, Lodosako, Tuterako eta Zangozako suhiltzaileak joanak dira bertara. Bi helikoptero ura botatzen ari dira. 

Nafarroan beste bi sute izan dira gaur. Goizean, Lerinen (Nafarroa) izan da sua. 11:00 aldera uzta biltzeko makina bat irauli, eta sua piztu da lursail horretan. Makina gidatzen zuen gizona han bertan artatu dute aurrena, baina, gero, ospitalera eraman. Foruzaingoak ikerketa abiatu du istripua zergatik gertatu den argitzeko. Suhiltzaileek sua itzali dute.

Bestea Oritzen izan da, Elortzibarren, Garraioaren Hiritik gertu. SOS Nafarroak 14:00 aldera jaso du abisua. Zerealen lursail batean izan da sua, eta nekazari bat zauritu da. Sua herrira hurbildu da, gainera, eta, Nafarroako Gobernuak zehaztu duenez, kalte txikiak eragin ditu etxe batzuetan. Sutea herrira gerturatzen ari zela ikusita, bizilagun batzuk etxetik atera dira, eta Noaingo hotel batean hartu dituzte. Sua Garraioaren Hiriraino iritsi da, baina ez du kalterik eragin han. 15:45 aldera itzali dute sua. 

Galarretako (Araba) sutea egonkortuta dagoela jakinarazi du Arabako Foru Aldundiak. Sute horrek ehun bat hektarea erre ditu. Tximista batek piztu zuen sua, iragan ostiralean. Gaurko egoera askoz ere hobea izan da atzokoarekin alderatuta. Eguraldi eta haize aldaketak eragina izan du horretan. Sei helikopterok parte hartu dute sutea itzaltzeko lanetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA