Barrikan lanean jarraitze dute suhiltzaileek. Sute hori atzo arratsean piztu zen, San Andres ermitatik gertu, eta gaueko hamarrak aldera dagoeneko menperatu zutela uste zuten suhiltzaileek. Goizaldean, ordea, suspertu egin da, eta itzaltze lanetan ari dira buru-belarri suhiltzaileak. Landa eremu batean denez, ez dute inongo etxerik hustu behar izan, eta ez du inork minik hartu.
Getxon ere antzera samar ibili dira. Atzo arratsaldean, zazpi eta erdiak inguruan, piztu zen sua,Azkorriko hondartzatik gertu dagoen pinudi batean. Baserri bat hustu behar izan zuten. Hamar eta erdiak inguruan garrak menderatuta zeudela uste zuten, baina 04:00ak aldera berriro indartu da. Dagoeneko, ordea, hartu dute berriro menpean.
Berangon atzo 21:30ak aldera hartu zuten garrek Arana auzoko eremu bat, eta gauerdi arte aritu dira lanean suhiltzaileak, menpean hartu arte.
Alonsotegin bart goizaldera piztu da sutea, atzo goizean beste sute bat izan zen lekutik hurbil. 02:00ak aldera hasi dira garrak eta 05:30 inguruan kontrolatu dute.
Gipuzkoan, Andoainen 23:00k aldera hasi zen sutea Buruntza mendian, harrobiaren gainean. Goizaldeko ordubata eta erdietarako mendean hartua zuten.
Eibarren , berriz, Azitain auzoko pinudi batek hartu du su gauerdi inguruan. Andoaingoa bezala, ordubata eta erdiak inguruan kontrolatu dute.
Ezbeharrak
Suteak menpean hartu dituzte
Sute asko izan da azken orduetan, batik bat, Bizkaian eta Gipuzkoan, baina dagoeneko guztiak menderatuta daudela agertu dute larrialdi zerbitzuek. Bilbon, Artxandan, gaur goizean piztu dena izan da azkena. Aurretik, Bizkaian Barrikan, Getxon, Sopelan, Alonsotegin eta Berangon izan dira. Gipuzkoan, berriz, Andoainen eta Eibarren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu