Aurtengo udan ez da bereziki sute handi eta larririk izan Euskal Herrian, nahiz eta sute guztiek, handi zein txiki, kalteak sortzen dituzten beti. Deigarriena akaso Urzainkikoa (Nafarroa) izan zen, hedapen handia izan ez bazuen ere, egun asko behar izan zirelako hura itzaltzeko. Guztira hiru aste behar izan zituzten guztiz itzaltzeko, etengabe berriro pizten baitzen. Uda hasieran, bestalde, Ezkabarten ere (Nafarroa) beste sute bat izan zen, eta hark 400 hektarea inguru erre zituen.
Aurreko urteetan baino eremu txikiagoa erre da aurten, baina goiz da oraindik erlaxatzeko. Pirinio Atlantikoetako prefetak, esaterako, sastrakak erretzea debekatu du sute arriskuagatik. Debekua asteartera arte izango da indarrean, oraingoz. Izan ere, Euskal Herriko eskualde askotan, isurialde atlantikokoak bereziki, udazkenean eta neguan izaten da arriskurik handiena baso suteak pizteko. Hala baieztatu dute Iker Luarizaierdik eta Egoitz Alkortak, Gipuzkoako Basozainen Elkarte Profesionaleko kideek: «Euskal Herrian bi isurialde ditugu, mediterraneokoa eta atlantikokoa. Isurialde mediterraneoko eremuetan, udan izaten da baso suteak pizteko arriskurik handiena; isurialde atlantikoko eremuetan, berriz, urrian hasten da arrisku garaia, hego haizea jotzen hasi eta landaredia are gehiago idortzen delako», azaldu du Luarizaierdik.
%98BASO SUTE GUZTIEN ARTEAN ZENBAT DIREN HEKTAREA BAT BAINO TXIKOAGOKOAK. Baso sute gehienak hektarea bat erre aurretik itzaltzea lortzen da (%98).
Udan Euskal Herrian sute larririk izan ez bada ere, mugetatik gertu baso sute oso latzak eta suntsikorrak izan dira. Frantzian, zenbait sute larri izan dira Landetako eta Girondako departamenduetan. Azken horretakoa izan da bereziki lazgarriena: ia 40.000 hektarea erre ziren, eta 220.000 pertsona ebakuatu behar izan zituzten. Hego-ekialdean, Aragoin (Espainia), bi sute handi piztu ziren: Zaragozako Luesia herrian uztailean —15.000 hektarea erre ziren—, eta Riglosko mailoetan abuztuan —ia 20.000 hektarea erre ziren—. Euskal herritar askok ezagunak dituzte Riglosko mailoak, eskalatzeko horma ugari baitaude bertan.
Klima aldaketaren faktorea
Sute horiek Euskal Herritik gertu izateak kezka ekarri du. Izan ere, klima larrialdiaren eraginez arrisku handiagoa dago sute handiak izateko, eta Euskal Herria ez da joera horrekiko arrotz. Luarizaierdik azaldu du garbi dagoela klima larrialdia baso suteak pizteko baldintzak aldatzen ari dela: «Klima aldaketaren eraginez, landaretza lehortu egiten da, orain ikusten ari garen moduan. Eta lehorte hori dela eta, suteak pizteko aukerak handitu egiten dira». Haren lankide Alkortak ere hala ikusten du gaur egun egoera: «Zientziak garbi azaldu du klima aldaketak zer dakarren, eta nik aurtengo udan ikusi dut: oso lehor dago dena, bero handia egin du, gauetan ez du freskatu, goizetan ez dago ihintzik... Hori guztia kontuan hartuta, errazago pizten dira baso suteak».
Inazio Martinez de Arano euskal herritarrak Europako Basoen Institutuan egiten du lan, eta baso berrikuntza taldeko burua da. Azaldu duenez, ezin da ukatu klima aldaketaren ondorioz suteak maizago pizten direla: «Ez dago zalantzarik: klima da faktore nagusia suteak zabaltzeko. Korrelazioa oso handia da».
«Klima aldaketaren ondorioz, landaretza lehortu egiten da, orain ikusten ari garen moduan. Lehorte hori dela eta, suteak pizteko aukerak handitu egiten dira»
IKER LUARIZAIERDI Gipuzkoako Basozainen Elkarte Profesionaleko kidea
Akitanian egin berri duten ikerketaren emaitzak azaldu ditu Martinez de Aranok, eta argi erakusten dute zer eragin duen klima aldaketak. Izan ere, duela hamarkada batzuk, baso suteak pizteko baldintza horiek hogei urtean behin izaten ziren, baina orain bost urtean behin izaten dira: «Suteak pizteko halako baldintzak beti egon dira, baina orain maizago gertatzen dira. Horrek arriskua handitu du».
Eta egoerak hobera egingo ez duela nabarmendu du. Hala ere, Euskal Herriaren egoera ez da hain txarra beste leku batzuekin alderatuta, Martinez de Aranoren hitzetan: «Hemen klima baldintzak ez dira hain muturrekoak. Gainera, hemen ez da landan hainbeste jende bizi; beraz, jende gutxiagok erabiltzen du sua. Galizian, berriz, landan jende gehiago bizi da, eta herritar gehiagok erabiltzen dute sua tresna gisa».
Paisaiaren garrantzia
Klima baldintzak ez dira baso suteak baldintzatzen dituzten faktore bakarrak. Asko aldatu dira, baina baita basoen osaera ere, eta Martinez de Aranok uste du lanik handiena horretan dagoela, epe laburrean «benetan kontrolatu dezakegun» arloa delako.
«Onartu behar da suteak gertatuko direla, eta paisaia prestatu behar dugu suteak frenatu eta amatatu ahal izateko»
INAZIO MARTINEZ DE ARANO Europako Baso Institutuko ikertzailea
Haren esanetan, azken mendean izugarri aldatu dira antropizatu gabeko guneak: «1936ko gerra amaitutakoan, basoaren hedadura oso txikia zen. Taberna batean argazki zahar bat ikusten baduzu, ziurrenik lurra soilduta egongo da». Azaldu duenez, aldaketa asko egon dira ordutik: landaketa asko egin dira egurra lortzeko, abeltzaintza estentsiborik apenas egiten den, sutarako egurra jasotzeari utzi zaio... Faktore horiek ekarri dute basoen hedadura askoz handiagoa izatea, nahiz eta Euskal Herriaren zati gehienetan 1970eko hamarkadatik egonkortuta dagoen.
Hori dela eta, uste du beharrezkoa dela paisaia moldatzea: «Pentsamoldea aldatu behar da. Suteak beti gertatuko dira; beraz, arreta paisaian jarri behar dugu, hura prestatzen». Izan ere, basoak eta landaketak hedatzeak ekarri du sugarrentzat erregai gehiago izatea. Dena den, haren ustez, baso eremuak orokorrean zainduak izan dira, eta, hein handi batean, horregatik ez dira baso sute handiak gertatu Euskal Herrian, bereziki isurialde atlantikoan.
Finean, beharrezkotzat jo du basoaren kudeaketa integrala egitea, eta planifikatua izatea: suteak non pitz daitezkeen ikertu eta zer eremuetara zabaldu daitezkeen identifikatu. Kataluniaren eredua aipatu du, «han asko ikertu baitute» gai hau. «Onartu behar da suteak izango direla, eta pentsatu behar dugu nolako paisaia nahi dugun. Paisaiaren guneak prestatu behar ditugu suteak frenatu eta amatatu ahal izateko. Eremuak ireki, parke fotovoltaikoak jarri, baso irekiak jarri, belardiak... Diotenez, paisaiaren %10 kudeatuz, ia sute katastrofiko guztiak eragotz daitezke. Zera pentsatu behar da: 'Arrasate erre dezakeen sutea nondik etor daiteke? Eta nola prestatu behar dut nire ingurua hori ez gertatzeko?'».

Hala ere, azaldu du beste arazo batzuk ere badaudela; esaterako, basoetatik gero eta gertuago bizi dela jendea. Basozainek ere ikusten dute antropizatutako eremuak basoetara gerturatzen ari direla, edo, alderantziz, eta Luarizaierdik gogorarazi du horrek zenbait arrisku dakartzala berekin. Martinez de Aranok bezala, uste du baso ereduan zenbait aldaketa egin behar direla. Izan ere, esan du paisaia «homogeneizatu» egin dela, eta azaldu du suteen kontrako kudeaketarik onena mosaiko eredua dela; hau da, basoak, landaketak, sastrakadiak eta larreak tartekatzea.
Baina basoen kudeaketaren bueltan ere bada polemika. Izan ere, basozainek azaldu dutenez, askotan sastrakadiak eta halakoak eremu abandonatutzat jotzen dira, baina gizarteak ulertu behar du ez dela horrela: «Bai, suteentzat erregai izan daitezke hasieran, baina jendeak ulertu behar du urte batzuk barru hori bertako baso bat izan daitekeela», esan du Luarizaierdik. Are, nabarmendu du bertako basoek garrantzi handia dutela suteei aurre egiteko garaian, itzal handia eta hezetasun handia dutelako. Kontrara, sastrakarik gabeko landaketa soiletan antzeman dute suteak azkarrago hedatzen direla: «Bidasoko sutean [2021] ikusi genuen landaketa garbiak zeuden lekuetan sua azkar hedatzen zela, abiadura azkarrean, baina bertako basoa dagoen lekuetan kostata pasatzen da sua».
Prebentzioa eta ikerketa
Basoa kudeatzea garrantzitsua bada ere, ezinezkoa da sute handiak piztea guztiz eragoztea. Beraz, bestelako prebentzio politikak behar dira. Martinez de Aranok azaldu du baldintza meteorologikoen modelizazioaren bitartez jakin daitekeela zein garaitan den arriskurik handiena, eta, beraz, garai horietan neurriak hartu behar direla leku kritikoetan. Adibidez, nekazaritza jarduerak behin-behinean debekatzea, edo arrisku eremuetan dauden tentsio handiko lineak itzaltzea. Australian, adibidez, sute arriskua handia denean, piromanoak zelatatzen aritzen dira.
Gogorarazi du Balmasedan (Bizkaia) 2022an izan zen sutea argindar linea batek piztu zuela. Kalifornian (AEBak) egunero milaka sute simulatzen dituzte, eta modeloen bitartez aztertzen dute zer-nolako suteak pitz daitezkeen. Hala, ikusten badute tentsio handiko linea batek sute larri bat pitz dezakeela nonbait, itzali egiten dute behin-behinean.
Baso suteen prebentzio neurri nagusia lurraldea ezagutzea da, Martinez de Aranoren iritziz; hau da, ikerkuntza, azken finean: «Hemen ez dugu ezer ikertzen. Jakin behar duzu zer arrisku maila duzun lekuaren eta garaiaren arabera. Definitu behar da zer kalte diren onartezinak; bizitokiak, industrialdeak eta bertako basoak, adibidez. Sua bera ere ulertu behar da».

Luarizaierdik azaldu duenez, Gipuzkoan foru aldundiaren mendi zerbitzua arduratzen da baso suteen zikloaz, nahiz eta tamainaren arabera suhiltzaileekin batera ere aritzen diren. Suteen ikerketa lerroa ere bazuten lehen, «baso suteak ikertzeko talde espezializatu bat», baina orain ez da lanean ari, «utzikeriagatik»: «Gaur egun, suteak ez dira zientifikoki ikertzen Gipuzkoan. Sutearen motiboak ikertzen ziren, eta horrek bide ematen dio prebentzioan lan gehiago egiteari».
Gipuzkoako Basozainen Elkarte Profesionala 2017an sortu zuten, sektorearen egoera hobetzeko asmoz. Basozainak eta aldundiaren boluntario taldeak dira suteei aurre egiten dieten lehenengoak, eta elkarteak salatu izan du formakuntza falta. Bada, azkenean, duela bi urte inguru lortu zuten suteen kontrako saio batzuk izatea. Horrez gainera, material hobea eta berria ere eman diete; norbera babesteko ekipamendua, esaterako. Bestalde, baso suteen atal bereizi bat sortu dute mendi zerbitzuan, eta boluntario talde horiek ere indartu dituzte.
Hala ere, Luarizaierdik eta Alkortak gogorarazi dute elkarteak talde horien profesionalizazioa eskatzen duela; hau da, funtzionario bilakatzea: «Egokiena litzateke horiek funtzionario izatea; neguan mendian egin behar diren lanak egitea, eta, baso suteak gertatzen direnean, itzaltze lanetan aritzea. Baliabide publikoz osatutako baso suteak itzaltzeko sistema, besterik ez dugu eskatzen», ñabartu du Luarizaierdik. Amaitzeko, Alkortak baso suteei aurre egiteko indartu beharreko hiru alorrak izendatu ditu: «Prebentzioa, ikerketa eta kontzientziazioa».