Larunbatean, 23:00etan, «elkartasun suziriak» jaurti zituzten euskal presoak dauden presondegi guztien aurrean, modu sinkronizatuan; Euskal Herrikoetan, Frantziako Estatukoetan nahiz Espainiako Estatukoetan.
Ekintzaile talde batek bota ditu su artifizialak, eta, ohar batean nabarmendu dutenez, guztiei elkartasuna helarazteko 58.694 kilometro egin zituzten, «senide eta lagunek asteburuero egin beharreko berberak». Izan ere, salatu dute «salbuespen politikek eta sakabanaketak presoen eskubideak urratzen» dituztela, eta COVID19-aren «aitzakiapean» hartutako neurriek presoen bizi baldintzak «are gehiago gogortu» dituztela.
Ekintzaileetariko baten hitzetan: «Euskal preso politikoekiko elkartasunak ez du inoiz etenik izan eta ez du izango. Gure herrikideei elkartasuna eta maitasuna eraman nahi izan dizkiegu, Euskal Herrian eta aske nahi ditugulako».