Jendetza hartu nahi du Garces de los Fayos ikastolak Tafallan, hurrengo urteko Nafarroa Oinez bestan: Hamaika 11n. Horixe da asmoa, eta horixe da Nafarroako ikastolen bestak aukeratu duen leloa. Endika Iriso ikasle ohiak asmatu du. Eta, ikastolako lehendakari Javier Martinezen ustez, ederki islatzen du Tafallan prestatu nahi duten bestaren espiritua. Oinez egiteko hamaika arrazoi dutelako eta hamaika euskaltzale elkartu nahi dutelako bertan.
Helburu nagusia DBHrako eraikin berria egitea da. «Txiki gelditu zaigu oraingo egoitza», azaldu du Rexu Urrutia zuzendariak. Tafallako eta inguruko herrietako 380 ikasle hartzen ditu ikastetxeak une honetan. Asmoa da oraingo zentroa Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleentzat bakarrik izatea, eta DBHkoentzat, erran bezala, egoitza berria eraikitzea.
Nafarroako Gobernuak eremu erdalduntzat dauka Tafallakoa, eta horren ondorioak pairatzen ditu hango ikastolak. «Inguruko herrietako ikasleek, adibidez, euren poltsikotik ordaindu behar dute garraioa. Laguntzarik ez da», salatu du Urrutiak. Ikasgeletan ere islatzen da egoeraren zailtasuna. «Egun, DBHko lehen mailan 35 ikasleko talde bat dugu, eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak ez digu bikoizteko aukerarik eman».
40. urteurrena ospatu du aurten Garces de los Fayos ikastolak. 1986. urtean egin zuen Nafarroa Oinez lehenengo aldiz. Urte hartan, gainera, ikastetxeko lehen promozioak bukatu zituen OHOko ikasketak. Tafallak 1997an hartu zuen Oinez besta bigarrenez. Handitzen jarraitzeko beharra bazuen. Eta oraindik badu.
Duela hainbat hilabete hasi ziren lanean Tafallako ikastolako ikasleak, ikasle ohiak eta gurasoak hurrengo urteko Nafarroa Oinez antolatzeko. Prest dituzte leloa eta logotipoa. Azken hori Franziska etxeak egin du, eta hamaika zenbakia islatzen du eraikuntza jokoen piezak gogora ekartzen dituzten irudien bidez.
Elastikoak, halaber, gaurtik salgai dira Tafallan. Herrian, gainera, Oinez bestarako arropa erakusteko desfileak eginen dituzte hurrengo astean, hilaren 11n eta 12an. Hilaren 14an, berriz, ikastolak ohiko mikologia erakusketa eginen du; hilaren 20an, bazkaria eginen dute ikasle ohiekin.
Atarrabian kontent
Paz de Ziganda ikastolako zuzendari Iñaki Errozek iragarri du DBHko lehen fasea martxan jarri ahal izanen dutela, nahiz eta oraindik lortu dirua ezin zehaztu. Eskerrak eman ditu azken Oinez bestan jendetzak parte hartu zuelako. Atarrabiako ikastolak jasotako diruaren %20 emanen dio Lodosako ikastolari, ikastetxearen egoera zaila dela eta. Nafarroako Ikastolen Elkarteko zuzendari Pello Mariñelarenak erran du bideragarritasun plana eginen dutela, gainera, Lodosarako. Nafarroako bertze ikastolek 240.000 euro bildu dute jada haientzat.
Tafallako ikastolak DBHrako eraikin berria egiteko baliatuko du Oinez jaia
2011ko bestarako leloa aurkeztu dute: 'Hamaika 11n'; jendetza hartu nahi dute Tafallan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu