Tafallan abiatu du Errigorak udazkeneko kanpaina, euskara «sustraitik espaziora» eramateko xedez

Urtero bezala, hiru saski mota jarri dituzte eskuragai: beltza, berdea eta gorria. Eskaerak azaroaren 12ra arte egin daitezke, Errigoraren webgunean.

Euskalgintzako eragileek bat egin dute Tafallan, Errigoraren udazkeneko kanpainaren aurkezpenean. IÑIGO URIZ / FOKU
Euskalgintzako eragileek bat egin dute Tafallan, Errigoraren udazkeneko kanpainaren aurkezpenean. IÑIGO URIZ / FOKU
Ion Orzaiz.
2026ko urriaren 22a
17:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Auzolanean euskara sustraitik espaziora». Lelo horrekin abiatu da gaur Errigoraren Euskarari puzka udazkeneko kanpaina. Tafallako Kultur Zentroan eman diote hasiera egitasmoari: «Ager eremutik», Errigorako kide Adriana Urmeneta Castillok esan duenez. Euskal Herri osoko euskaldunei zuzendu zaizkie, iluntasunaren erdian mezu baikor bat helarazteko: «Etorkizun hurbilean argia ikustea ere kosta egiten zaigun garai hauetan, ameslarion bandora batzeko gonbidapena egin nahi dizuegu». Harekin batera, gaurko aurkezpen ekitaldian izan dira AEKko Tutera eta Zangozako euskaltegietako ikasle eta irakasleak; Lizarra, Zangoza, Tafalla eta Tuterako ikastoletako ikasle eta irakasleak; Euskal Herriko eta Nafarroako Ikastolen Elkarteko ordezkariak; Tafallako D ereduko institutuko ikasle eta irakasleak; Sortzen elkarteko kideak; Errigorako ekoizleak; Euskarabidea; eta zenbait mankomunitate eta partzuergoko euskara agenteak eta teknikariak.

Agerraldian azaldu dutenez, hiru saski mota jarri dituzte eskuragai, urtero bezala: beltza, berdea eta gorria. Nahi duen orok eskaera egin dezake Errigora.eus atarian edo euskaltegietan, D ereduko ikastetxe eta ikastoletan, eta beste hainbat tokitan zabaldu dituzten eskuorrien bitartez. Azaroaren 12ra bitarte egin daiteke eskaera. Saski beltzak 60 euro balio du, eta Nafarroa hegoaldeko produktu tipikoak ditu. Saski berdea bost euro garestiagoa da, eta produktu ekologikoz osaturik dago. Eta, azkenik, saski gorriak 75 euroko prezioa du, eta Eguberrietan oparitzeko aproposak diren produktuak biltzen ditu, hala nola ardi gazta, polboroiak eta patxarana. Urtero «16.000 saski inguru» saltzen dituzte, eta horien gibelean «24 kontserbagile» eta «seiehun nekazari inguru» daude, eta saskien bidez jasotako dirua euskara sustatzeko proiektuetan inbertitzen du elkarteak.

Aitzindariak Ager eremuan

Izan ere, Errigorakoen ustez, euskarak belaunaldiz belaunaldi aurrera egin badu, «zegoenarekin konformatu ez eta konbentzimendua ez zen beste bermerik gabe pausoak eman zituzten horiengatik egin du aurrera». Lan horren adibidetzat jo dituzte Nafarroako hegoaldean zabaldutako ikastolak, euskaltegiak, D ereduko lerroak eta euskara taldeak. «Euskalgintzako eragileek urte luzez egin dute lan espiritu horrekin».

Halako proiektuek aurrera egiteko, baina, ezinbestekotzat jo dute gizartearen babesa. «Euskarak, den-dena behar izateaz gainera, den-dena merezi baitu. Hortaz, inkonformismoaren eta amets egitearen apologia egitera gatoz gaur, euskara Nafarroa erdialdean eta hegoaldean sustrai sendoekin lurrera lotu dadin, eta, hortik, izarretarainoko elkartasuna ehuntzeko». Urmenetaren esanetan, Euskarari Puzka kanpaina tresna bat da euskarari babesa emateko: «Auzolanari lotzen gatzaizkio urtero-urtero, herri honen lurraldeen arteko josturak indartzeko eta gure hizkuntza, herri honen hizkuntza, zaintzeko. Eskatu Ager eremuko lur goxoak emandako produktuz beteriko saskiak, eta lagundu euskara errotu eta izarretaraino eramaten».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA