Tailerrak hustu dituzte pankartari eusteko

Langile ugarik egin dute bat Palestinaren aldeko lanuztearekin. Hego Euskal Herriko industriako enpresa handienetan, baita txikiagoetan ere, elkarretaratze ugari egin dituzte: CAF, Volkswagen, Mercedes, Fagor, Irizar eta Arcelor enpresetan, besteak beste.

LABeko kide batzuk Palestinako banderak jartzen CAFen Beasaingo lantegian. LAB CAF
LABeko kide batzuk Palestinako banderak jartzen CAFen Beasaingo lantegian. LAB CAF
kristina martin
BEASAIN
2025eko urriaren 15a
14:28
Entzun 00:00:00 00:00:00

LAB, CCOO, UGT, ESK, Steilas, CGT, Etxalde, EHNE-Nafarroa, Solidari eta Hiru sindikatuek bildu dute lanuzteak zenbaterainoko erantzuna izan duen eguerdira arte industria sektoreko enpresetan. Lehen datuen arabera, lanuzteek «oihartzun handia» izan dute Hego Euskal Herriko enpresa nagusietan. 

Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako enpresa askok geldialdi osoa edo ia osoa egin dutela jakinarazi dute sindikatuek: CAFek —Beasainen, Irunen eta Abadiñoko Lebario auzoan dituen egoitzetan—, Beasaingo Indarrek, Olaberriko Arcelorrek, Itsasondoko Jasok, Getariako Indauxek, Nemakek, Oñatiko Hijos Juan de Garay eta Natra Zahorrek, Azpeitiko Bielek, Leitzako Torraspapelek, Aceros Moldeadosek, Guerra Hermanosek, La Barranquesak, Irunberriko Accionak, Kybserek, Cementos Lemonak, Gestamp Bizkaiak, Cemosak, Forgingek, Consonnik, Con Protec Arisawak, Unileverrek, Auria Solutions-ek, Gasteizko Pepsik, Laminaciones Arreguik, Astigarragako Kit Linek, Andoaingo Sapak eta Mendiolak, Sammicek eta Elkar argitaletxeak. 

ELAk multzo horretan sartu zituen Hine, Jaure, Artadi, Goialde, Glual, Artiach, Tubacex, Tubos Reunidos (Amurrio), Jez/Voltaespine, Magotteaux eta Wisco. 

Volkswagenek Iruñeko Landaben poligonoan duen lantegian ere oihartzuna izan du Palestinaren aldeko lanuzteak, baita beste enpresa handi askotan ere: Gasteizko Mercedes, Cinfa, Zarauzko KSB ITUR, Zumaiako GKN, Basauriko Sidenor, Lasarteko Michelin, Adunako Irizar, Mungiako MESA, MASA, Radimer Forjas de Berriz, Zaldibarko ECS, Mondy, Arteche, Aludium, ZIV, Irunberriko Acciona eta Legutioko Arcelor Mittal Tubular batu dira deialdira, eta enpresen kanpoaldean elkarretaratzeak egin dituzte. Horietako batzuetan —Sestaoko Arcelorren eta beste zenbaitetan— ekoizpena eten egin dutela nabarmendu dute sindikatuek.

Kooperatiba handi batzuetan ere geldialdia egin dutela ziurtatu dute sindikatuek. Haien artean aipatu dituzte Oǹƒatiko Ulma, Fagor Automation eta Fagor Ederlan, Arrasateko Copreci, Eskoriatzako eta Aretxabaletako HUHEZI, eta Lakuntzako Sakana Kooperatiba. 

Auto ilara luzeak CAFen

CAFek Beasainen dituen fabriketan, esaterako, langile mordoxkak egin du bat lanuzte deialdiarekin —%71k, LAB sindikatuaren arabera—. Elkarretaratzerik ez dute egin, baina gaueko txandan egin dute lanuztea, eta hiru orduz «tailerrak hustu dituzte». Goizeko txandan ere igarri da mugimendua. 11:00etatik aurrera hasi dira langileak Beasaingo lantegietako pabiloietatik ateratzen, jada kaleko jantzita. Fabrikaren barruko aparkalekuak, ohiko lanegunetan leporaino beteta egoten direnak, apurka-apurka hasi dira husten. Donostiako manifestaziora bidean auto ilara luzeak sortu dira errepidearen bi aldeetan dauden pabiloi erraldoien sarreretan.

LABek salatu duenez, Beasaingo CAFeko langile batzuk Palestinako bandera ipintzen ari zirela enpresaren logoa duen zutoin baten gailurrean, Ertzaintzaren hiru patruila gerturatu zaizkie, eta bost kide identifikatu dituzte, baita «atxilotzeko mehatxua» egin ere. CAFek Irunen duen lantegiko beharginek, ostera, elkarretaratzea egin dute Donostiako manifestaziora abiatu aurretik.

Landaben eta 27 poligonoa, motel

Iruñeko Landaben industrialdean, berriz, ohiko lanegun baten itxura izan du goizak. Iruñerriko industrialderik handienean du Volkswagenek bere lantegia —ia 5.000 behargin ditu—, eta horiek elkarretaratzea egin dute goizeko txandan. Mugimendu handia egon da Donostiako Martuteneko 27 poligonoan ere. Bertako enpresa gehienetan ohiko jarduna egiten ari ziren. Sumitomo enpresa da ekoizpena gelditu duen bakarretakoa: langileek elkarretaratzea egin dute 11:00etan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.