Talaia Feministak «haustura garai kritikoaz» ohartarazi du

Euskal Herriko ia ehun emakume feminista eta subiranista elkartu dira Talaia Feminista Unean, Gasteizen. 2025. urteak emandakoa aztertzeko, ondorioak lantzeko eta behin betiko testua ixteko baliatu dute saioa.

Hitzaldien eta mahai inguruen bidez osatu dute Gasteizen egindako Talaia Feminista Unea. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Hitzaldien eta mahai inguruen bidez osatu dute Gasteizen egindako Talaia Feminista Unea. ENDIKA PORTILLO / FOKU
aitor biain
2026ko otsailaren 21a
17:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Talaia Feministak urteroko topaketa egin du gaur Gasteizen. Ia ehun feminista elkartu dira Armentia Ikastolan egindako bilkuran, gaur egungo koiuntura aztertu eta joan den urteko gertakariei ikuspegi feministatik eta subiranistatik begiratzeko helburuz. Ondorio bat azpimarratu dute ororen gainetik: «Haustura garai bat bizitzen ari gara». Adierazi dutenez, agerikoa da eraldaketa garaia dela gaur egungoa, orain arte ezagututako mundu ordena desagertzen ari delako, ongizate eredua zimel geratzen ari delako, eta gutxieneko bizi baldintzen inguruan zegoen adostasuna galtzen ari delako.

Ohartarazi dute «garai kritikoa» dela oraingoa, baina ñabartu dute atzerako prozesu hori ez zela iaz hasi eta ez dela aurten amaituko ere. Halere, iritzi diote joan den urtean izandako gertakari batzuek oso argi islatzen dutela zein den egungo agertokia. Besteak beste, Gazako sarraskia, AEBek Venezuelari egindako erasoa, pentsiodunen eta gutxieneko soldata propioaren aldeko herri ekimen legegileak baztertu izana eta eskuin muturrak bozetan gora egin izana aipatu dituzte.

Bada, Talaia Feminista Unea egin dute gaur, agertoki horretan zer-nola kokatu eta jokatu erabakitzeko asmoz. Talde sustatzaileak ondutako 2025eko dosierraren zirriborroa aletu, eztabaidatu eta osatu egin dute bilkuran. Modu kolektiboan egin dute hori, eta batez ere hiru gairi erreparatu diete: prekarizazio prozesuari, eskuinera lerratzeko prozesuari eta subiranotasunari. Sarrigurengo hilketa matxista salatuz hasi dute saioa.

Sistema krisian

Adierazi dutenez, ezinbestekoa da «bizi baldintza materialak» defendatzea eta, aldi berean, bizitzea merezi duen bizitzak nolakoa izan behar duen galdetzea. Izan ere, bizi baldintzak gogortzen ari dira «merkatua bizitzaren eremu guztietara» sartu delako, «neurririk eta mugarik gabe», gainera. Salatu dute ez dagoela horri mugarik jartzeko borondaterik, hots, eskubideak ziurtatzeko beharrezkoak diren baliabide eta zerbitzuak merkatuaren logikatik ateratzeko nahirik.

Bide horretan, nabarmendu dute ikuspegi feminista funtsezkoa dela inor ez uzteko errealitatearen gordintasuna erakutsiko duen argazkitik kanpo, eta baita egungo argazkia interpretatzeko ere. Eta azpimarratu dute egungo bizi baldintzak ez galtzeko borrokak «lehentasuna» izan behar duela, «desmerkantilizazio eta desfamiliarizaziorako» urratsak egiteko ere balio duelako.

«Garrantzitsua iruditzen zaigu Euskal Herriko panorama espezifikoari begiratzea, faxismoak gurean izan dezakeen lurreratzeaz hitz egiteko»

TALAIA FEMINISTA

Amaia Perez Orozkok egin du lehen ardatzaren irakurketa, eta Nikole Ziarrustak bigarren ardatzarena, eskuin muturraren gorakadarena. Horri dagokionez, azaldu dute ideia kontserbadoreen eta mugimendu erreakzionarioen hedatzearen aurka beharrezkoa dela «feminismo antifaxista indartsu bat eraikitzea edo berreraikitzea», baina baita faxismoaren ezaugarri berriak identifikatzea ere. Izan ere, zehaztu dute faxismoari forma jakin bat eman ezean ezer ez dela faxismotzat joko. «Garrantzitsua iruditzen zaigu Euskal Herriko panorama espezifikoari begiratzea, faxismoak gurean izan dezakeen lurreratzeaz hitz egiteko».

Gogorarazi dutenez, ideologia patriarkala alde bateko nahiz besteko ideologia da, eta, beraz, «gizon zuriaren nagusitasuna gero eta bortitzagoa» izango da sistema bera krisian sartzen bada, «faxismoak gizonen erreakzioa elikatzen baitu». Baina erantsi dute feministek, emakumeek, transek eta lesbianek boterea lortu izana ere badagoela erreakzio patriarkalaren atzean: «gure boteretzeak haien desboteretzea esan nahi baitu». Horiek horrela, azpimarratu dute gizonen erreakzioa eta faxismoaren hedapena bi fenomeno ezberdin gisa ulertu behar direla, eta, beraz, ezin dela faxistatzat jo feminismoaren aurkako edozein eraso.

Subiranotasunaren lehia

Azkenik, burujabetza ere izan dute hizketagai, eta honako ondorio hau nabarmendu dute: «subiranotasuna galtzen ari gara, eta subiranotasunaren aldarrikapena lehia politikoaren erdigunean kokatu da». Munduan ez ezik Euskal Herrian ere ikusi da hori: euskararen aurkako oldarraldi judiziala horren adibide baita. Hori dela eta, burujabetza «osoa» aldarrikatu dute, bizitza pertsonalari eta herriari eragiten dieten dimentsio guztietan izateko erabakitzeko eskubidea.

Talaia Feminista Unea amaituta, gaur bildutako ondorio eta ekarpen guztiak jaso, eta behin betiko txostena egingo dute. Uda aurretik jendaurrean aurkeztea da asmoa, eta ondoren interpelazio eta gizarteratze faseari ekitea. «Gaurko gogoeta kolektiboaren ostean, Euskal Herria feminista bat eraikitzeko trantsizio lanean jarraituko dugu. Trantsizio hori etorkizun berri bat irudikatuta egin beharko dela uste baitugu», adierazi dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.