Gurasoak euskararen alde jardutera bultzatzeko ekinaldi bat aurkeztu du Taupak: Eusfera

Urte osoko lanketa izango da, baina haren «une gorena» 2026ko maiatzaren 7tik 17ra izango da. «Baliabideak, tresnak eta espazioak» eskaini asmo dituzte, «herri bakoitzak berera molda dezan» ekinaldia.

Eusferaren aurkezpena, gaur, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Eusferaren aurkezpena, gaur, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
Donostia
2025eko abenduaren 11
16:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Taupa mugimenduak ekinaldi bat aurkeztu du, xede duena euskarak presentzia handiagoa izatea haurren unibertsoan: Eusfera. Helburu hori lortzeko, Euskal Herri osoko gurasoak aktibatu asmo dituzte, urte osoan; «une gorena», baina, 2026ko maiatzaren 7tik 17ra izango da. Gaur eman dute egitasmoaren berri, Donostiako San Telmo museoan.

Ekinaldiak 0-12 urte bitarteko haurrak dituzten gurasoak —edo guraso rola betetzen dutenak— ditu jomuga, izan euskaldunak nahiz izan euskaraz ez dakitenak; hots, haurraren ingurua euskaldunagoa izatea nahi duten guzti-guztiei erreparatu nahi diete. Tauparen lehendakari Irati Iziarrek azaldu duenez: «Eusferaren helburua sinplea baina eraldatzailea da: haurren egunerokoan —aisialdian, kulturan, kirolean, etxeko hizkuntza praktiketan eta erreferentzia sareetan— euskararen presentzia handitzea».

«Eusferaren helburua sinplea baina eraldatzailea da: haurren egunerokoan —aisialdian, kulturan, kirolean, etxeko hizkuntza praktiketan eta erreferentzia sareetan— euskararen presentzia handitzea»

IRATI IZIAR Tauparen lehendakaria

Horretarako, gurasoen aktibazioa sustatu asmo dute. Jon Zapata da egitasmoaren koordinatzailea. Nabarmendu du gaur egungo gurasoek «inoizko belaunaldirik euskaldunena» osatzen dutela, baina, halere, batzuetan ez dakitela nondik hasi eta nondik jarraitu, haurrek egunerokoan euskara erabil dezaten. Hain zuen, horregatik sortu dute Eusfera, «tresnak, baliabideak, espazio berriak eta elkarlana eskaintzeko». Horretarako, alde batetik, gurasoek bideak topatuko dituzte jakiteko norbanako gisa nola euskaldundu beren umearen ingurua. Eta, beste alde batetik, esparru batzuk sortuko dituzte, umeak eta gurasoak elkarrekin aritzeko. «Elkargune horiek euskarak ardaztuko ditu, hitzaren erabilera derrigorrezkoa duten ekintzen inguruan antolatuko dira, eta gurasoen eta umeen parte hartzea bultzatzen duten ekintza erakargarriak izango dira».

Herriz herri antolatu asmo dute egitasmoa, bakoitzak beretik emanda: «Eusferak ez du proposamen itxirik eramango herrietara. Eusferak baliabideak, tresnak eta espazioak sortzeko beharrezkoa duten guztia eskainiko die herriei, eta herri bakoitzak berera moldatu ahal izango du». Izena eman nahi duten herriek www.eusfera.taupamugimendua.eus webgunean egin dezakete.

Kezka abiapuntu

Kezka batetik abiatuta sortu dute ekinaldia, Zapataren arabera: «Sumatzen dugu eskolaz kanpo erdara gero eta gehiago entzuten dela eta erabiltzen dela haurren inguruan». Haurrek «imitazioz» jokatzen dutela iritzita, gurasoengan eragitea dute jopuntuan. Iziar: «Imitazioz ikasten dute, ez bakarrik hizkuntza bera, baita hizkuntza hori noiz, nola eta norekin erabili ere. Horregatik, gure egitekoa izango da erakustea haien ingurua osatzen duten elementuak euskaraz ere izan litezkeela».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.