TCC enpresaren «erantzunik eza» salatu dute billabesetako langileek

Mobilizazioei eutsiko diete datorren astean: bi orduko lanuzteak eginen dituzte astelehenean, asteazkenean eta ostiralean. Ez dute baztertu atzera ere greba mugagabera deitzea, «enpresa ez bada mugitzen».

TCCko langile batzordeak deituta, billabesetako langileek elkarretaratzea egin dute gaur Iruñean. BERRIA
TCCko langile batzordeak deituta, billabesetako langileek elkarretaratzea egin dute gaur Iruñean. BERRIA
Ion Orzaiz.
IRUÑEA
2025eko irailaren 12a
11:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Gu mugitu gara, mugi daitezela haiek ere». Billabesetako gidariek «geldi, estatiko» ikusten dute Iruñerriko hiri garraio publikoa kudeatzen duen TCC Moventis enpresa. Uste dute langileek «dezenteko urratsak» egin dituztela orain arte lan gatazka gainditzeko, baina zuzendaritza ez dela hasierako posizioetatik mugitu. Langileek elkarretaratzea egin dute gaur, Iruñerriko Mankomunitatearen egoitza nagusiaren parean.

«Gure aldarrikapenak apaldu genituen enpresarekin akordio bat lortze aldera, baina eurek hasierako eskaintzari eusten diote, aldaketa nabarmenik gabe», azaldu du Laura Molina Azanzak, TCCko langile batzordeko ordezkariak. «Azken asteetan, zenbait hedabidetan argitaratu izan da langile batzordeak ez duela erreferendumean bozkatu nahi izan enpresaren azken proposamena, baina eskaintza horrek ez zuen eduki berririk; ez zuen inolako hobekuntzarik jasotzen aurrekoekin alderatuta. Ez zen gure eskaeretara hurbiltzen ere».

Molina Azanzak gaineratu duenez, uztailaren 14an zuzendaritzaren proposamenari ezezkoa eman ziotenetik jaso dituzten eskaintza guztiak «bertsuak» izan dira. «Uztailaren 1eko erreferendumean, langileen %78k erabaki genuen grebari ekitea, eta mobilizazioen bukaera ere bide beretik etorriko da: langileek hala erabakitzen dutenean. Baina horretarako, gutxieneko oinarri bat behar dugu, negoziatzen hasteko».

Lanuzte partzialak

Langile batzordeko ordezkariak uste du billabesa gidariek «gogo handia» dutela lan gatazka bukatzeko: «Zazpi hilabete daramatzagu protestan, eta zuzen-zuzenean eragiten digu bai guri bai herritarrei. Ez da egoera samurra inorentzat, baina eskatzen duguna ez da beste munduko ezer: lan hitzarmen duin bat, besterik ez».

Eskaera horri eutsita, lanuzte partzialak eginen dituzte billabesetako gidariek datozen asteetan: 06:00etatik 08:30era astelehen, asteazken eta ostiraletan. Molina Azanzaren irudiko, «borondate onezko keinu bat» izan da greba alboratu eta lanuzte partzialen aukera hobetsi izana. Dena den, ez du baztertu atzera ere greba mugagabe bati ekitea, enpresaren keinurik sumatzen ez badute: «Enpresak zerbait egin beharko luke gure posizioetara hurbiltzeko, eta erakunde publikoek esku hartu beharko lukete auzian, zuzendaritza mugitzera behartzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.