Tecnalia eta MTorres enpresen aurkako protesta, «Israelen konplize» direlakoan

Palestinarekin Elkartasuna plataformak elkarretaratzea egin du MTorresen Elortzibarko lantegiaren aurrean (Nafarroa). Pintaketak egin dituzte Tecnaliaren egoitzan, Azpeitian (Gipuzkoa).

Palestinarekin Elkartasuna plataformako kideak, MTorres enpresaren aurrean protesta egiten. PALESTINAREKIN ELKARTASUNA
Palestinarekin Elkartasuna plataformako kideak, MTorres enpresaren aurrean protesta egiten. PALESTINAREKIN ELKARTASUNA
Ion Orzaiz.
2025eko maiatzaren 15a
16:55
Entzun 00:00:0000:00:00

77 urte bete dira gaur Nakba hasi zenetik: 1948ko egun hartan, jazarpen eta suntsitze kanpaina bat abiatu zuen Israelek, ehunka mila palestinarri etxea eta ondasunak kentzeko, eta bizilekutik kanporatzeko. Hori gogoratzeko eta genozidioak «etenik ez duela» salatzeko, protesta sorta bat prestatu du Palestinarekin Elkartasuna plataformak: heldu den larunbatean, manifestazioa eginen dute Iruñean, eta gaur, Nakba egunarekin bat eginez, MTorres eta Tecnalia enpresatara eraman dute protesta. Salatu dute bi enpresa horiek «Israelen konplize» direla.

Zehazki, plataformako kideek elkarretaratzea egin dute MTorres enpresak Noain-Elortzibarren duen lantegiaren aurrean (Nafarroa). «Israelgo industria militarrarekin kolaboratzen du, gerrarako hegazkinen ekoizpenean. Horregatik etorri gara gaur hona. Baina ez da salbuespen bat: Israelen existentzia Mendebaldeko enpresa, gobernu eta instituzioen konplizitateari lotuta dago, eta Euskal Herrian ere eragile asko ari dira Israelekin kolaboratzen. Israel hemen ere hasten da, sionismoarekin kolaboratzen duten enpresa eta instituzio guztietan», adierazi du plataformak, ohar batean.

Horrez gain, Palestinarekin Elkartasunak pintaketak egin ditu Azpeitiko Tecnalia enpresaren egoitzan (Gipuzkoa), enpresa horrek Israelekin dituen harreman komertzialak salatzeko. Palestinako sarraskiaren konplize eta Palestina askatu idatzi dute, eta fatxada pintura gorriz zipriztindu.

Plataformaren esanetan, Tecnaliaren bezero nagusiak «Israelgo Estatuarekin harremanak dituzten industria militarreko enpresak» dira, hala nola Sapa, Indra, Boeing eta Thales. «Defentsara eta segurtasunera bideraturiko teknologia garatzen du, eta Espainiako armagintzako sektorearen patronalaren bazkidea ere bada».

Protestak segida izanen du heldu den larunbatean, Iruñean eginen duten manifestazioarekin: 12:30ean abiatuko da, Golem zinema aretoetatik.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.