Europa Press berri agentziak baieztatu duenez, DTSko zuzendaritzak gaur egingo du batzarra, eta bertan izendatuko dute Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidente ohia aholkulari. Iaz, enpresako aholkulariek urtean 120.000na euroko soldata finkoa eskuratu zuten.
Politikagintzaren lehen lerroa utzia du Barcinak; aurrena, UPNk ez zuelako maiatzeko udal foru hauteskundeetarako zerrendetan sartu. Irailean, berriz, alderdiak Jose Javier Esparza izendatu zuen Barcinaren oinordeko UPNren presidentetzan. Gobernu ardurak utzita, NUP Nafarroako Unibertsitate Publikora itzulia zen. Farmazian doktorea da, 1984tik. Aste gutxi batzuk egin ditu bertan, ordea.
Gobernua aldatu baino egun batzuk lehenago, ez zizkion ateak itxi politikagintzara itzultzeari: "Beti esan izan dut politika uzterakoan lehengo lekura itzuliko nintzela. Ordezkari politiko guztiek horrela jokatu beharko lukete".
DTS Telefonicaren esku dago, konpainia horrek Prisa taldeari Canal + ordainpeko plataformaren %56 erosi zionetik, 706,81 milioi euroren truke. Zati horrekin osorik du bere esku Movistarrek DTS.