Nelson Mandela ezingo zatekeen presidente izan Espainian. Ez soilik hegoafrikarra zelako, baizik eta PPren gobernuak proposatu berri duen lege proiektua aurrera ateratzen bada ezingo direlako goi kargudun publiko izan inoiz terrorismo delituagatik zigortutako pertsonak. Soraya Saez de Santamaria Espainiako presidenteordeak atzo Ministroen Kontseiluan estatuaren administrazio osoko goi kargudunen lege aurreproiektua aurkeztu zuen, eta bertan kargu horien «egokitasunari buruzko baldintzak» ezarri dira: erakunde publikoen aurkako delituetan, kasu, aurrekariak etenda egon beharko dute. PPren asmoa da delitu larrien kasuan aurrekariak eteteko epea bost urtetik hamar urtera igotzea.
Neurri hori erreforma sakonago baten barruan dator. Berez, atzo Saez de Santamariak aurkeztutako planak Espainiako Gobernuak ustelkeriaren aurka proposatutako lege eta neurri guztiak jasotzen ditu. Batzuk aurretik iragarri zituen, eta beste batzuk berriak dira. Erreformak hiruesparru nagusi ditu: alderdien finantzaketari buruzkoa, goi kargudun izateko baldintzak eta betebeharrak eta ustelkeria kasuetarako zigor gogorragoak.
1. Alderdien finantzaketa
Atzean, Barcenas auziaren itzal luzea nabari da. Luis Barcenas diruzain ohiaren aurkako auzi judizialak higadura politiko handia eragin dio aurten PPri, bi hamarkadaz irregularki finantzatu zen zantzu argiak agertu direlako ikerketa judizialean. Susmo horiek gainetik aldendu nahirik, irailean «demokrazia onbideratzeko» asmoen berri eman zuen Espainiako Gobernuak, eta atzo «urrats bat gehiago» egin zuen: alderdi politikoen finantza eta ekonomia jarduera kontrolatzeko lege organikoaren proiektua aurkeztu zuen.
Hainbat berritasun dakartza. Batetik, pertsona juridikoei (hots, enpresa eta bestelako erakundeei) debekatu egingo zaie ezein diru ematea. Orain arte, legeak zehazten zuen urtean gehienez 100.000 euro eman zitzaketela.Aldiz, norbanakoek bai eman ahalko diete dirua alderdiei: «Ulertzen dugu pertsona fisiko batek alderdi bati diru ekarpena egiten diola bere gogaidetasun politikoagatik, eta hori herritarren askatasunari lotuta dago».
Bestetik, ezein finantza erakundek ezingo dio alderdiren bati zorrik kitatu. Zer litzateke zorra kitatzea? «Kreditua etetea edo indarrean diren interes tasen azpitik berriro finantzatzea kreditu bat», zehaztu du Soraya Saez de Santamariak.
Lege proiektuaren arabera, alderdi guztiak, «salbuespenik gabe», derrigortuta daude Kontuen Auzitegian euren kontabilitateak aurkeztera, eta baldintza hori betetzen ez duten alderdiek ezingo dute diru laguntza publikorik jaso. Gainera, alderdiko kudeaketa ekonomikoaz arduratzen den kargudunaren funtzioak arautuko ditu legeak. Zer baldintza izan behar dituen ez du aurreratu.
Era berean, alderdiekin erlazionatutako fundazio zein elkarte oro Alderdien Erregistroan izena ematera derrigortuko du. Hain zuzen ere, debekua saihestuz, enpresek fundazio bidez alderdiak finantzatzeko ihesbidea topatu dezakete. Arrisku horri buruz galdetuta, Saez de Santamariak azaldu du fundazioen erregimen juridikoa desberdina dela: «Fundazioak ez dira alderdi bat bezain monolitikoak, eta patronatu baten bidez erakunde desberdinek parte har dezakete bertan. Erregimen desberdina izaki, ulertzen dugu ezin dutela araudi bera izan», dio. Dena den, Saez de Santamariaren arabera, «gardentasun handiagoa» egon behar du fundazioen eta alderdien arteko harremanetan.
2. Goi kargudunak
Bigarren aurreproiektua goi kargudunen ingurukoa da. Kargu horiek betetzeko baldintzak, betebeharrak eta mugak ezartzen ditu legeak. Terrorismo zein erakundeen aurkako delituetan zigor aurrekariak etenda egon behar dute. Egun, Zigor Kodeak zehazten duenez, delitu larrietan bost urteren buruan eteten dira aurrekariak, baina hori ere gogortu egin nahi du PPk. Irailean Zigor Kodearen erreforma aurkeztu zuen, eta bost urtetik hamar urtera igo nahi du aurrekariak eteteko epea.
Gainera, goi kargudunak saritzeko erregimena arautzen du, eta Gizarte Segurantzari diru ekarpenak egiteko baldintzak gainerako langile publikoenekin bateratzen dira. Goi kargudunek euren jardueran dituzten ordezkaritza gastuak kontrolatzeko neurriak proposatzen dira eta kreditu txartelen erabilera debekatu egiten da.
Interes gatazkak ere zainduko dituztela diote, baina sektore publikotik pribaturako ate birakarien inguruko neurri zehatzik ez dute zehaztu. Izan ere, iragan hurbilean agintari esanguratsuek enpresa pribatuetako administrazio kontseiluetan amaitu dute. Jose Maria Aznar Endesako kanpo aholkuari da; Felipe Gonzalez Gas Natural Fenosako kontseilari; azken bi presidenteordeak, Pedro Solbes eta Elena Salgado EON eta Endesako kontseiluetan eseri dira; Angel Acebes Iberdrolan; Josu Jon Imaz MGO...
3. Ustelkeriaren aurkako neurriak
Ostegunetik, Kongresuan Zigor Kodearen erreforma tramitatzen ari da, eta eztabaida horretan PPk zuzenketa bidez ustelkeriaren inguruko neurriak proposatuko ditu: alderdien legez kanpoko finantzaketarekin zerikusia duten delitu gehiago sartuko dituzte Zigor Kodean; eragin trafikoa delitua zabalduko da; prebarikazio kasu larrietan, zigorrak gogortzea proposatzen dute; judizialki eroskeria kasuen aurka jotzeko baliabide gehiago jarriko direla diote; ondare delitu larrietan zigorrak zorroztuko dira; faltsutze delituak berrikusiko dira; administrazioek ebatsitako diru berreskuratzeko mekanismoak indartuko dira...
Terrorismoagatik zigortuak izan direnei goi kargu izatea galarazi nahi die gobernuak
PPren gobernuak proposatu du goi kargudun izateko zigor aurrekariak etenak izatea eta eteteko epea bostetik hamar urtera igotzeaEnpresek debekatua izango dute alderdiei dirua ematea eta bankuek zorra kitatzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu