«Terrorismoaren kontra lerro jakin bati» ez segitzea egotzita, PSNtik bota dute Uriz

Jaietako suziria besteak beste Arnaldo Otegiri eskaini ziolako bota dute alderditik Atarrabiako zinegotzia

Erredakzioa
Iruñea
2011ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Jose Luis Uriz Atarrabiako zinegotzia (Nafarroa) PSNtik bota dute, iazko herriko festetako txupinazoa besteak beste Arnaldo Otegiri eskaini ziolako. Roberto Jimenez PSNko idazkari nagusiaren arabera, «Uriz bera jarri zen alderditik kanpo, ez zuelako bere egin PSOEk terrorismoarekin lotutako gaietan jarria duen lerro argi eta gardena».

Frankismo garaian alderdi komunistako militante izan ostean, 1990ean PSNn afiliatu zen Uriz. Hogei urteotan, parlamentari izan da bi legealditan eta Atarrabiako hautetsia 1999az geroztik. Politika uztea erabakia zuen iazko jaietarako, eta, «sentiberatasunez» azken urteez gogoeta egin, eta bost pertsona gogora ekarri zituen txupinazo aurretik argitaratutako oharrean.

Horietako bat zen Otegi, urteotan «Batasuna bakearen bidetik» zuzentzeko asmoz egindako lanagatik. «Batasunaren barruan mugimenduak diren honetan, bide hori behin betiko izan dadin lagundu eta babestu egin behar da».Espedientea ireki zioten hori esan zuenean, eta, azkenean, alderditik botatzea erabaki dute. «Iritzi askatasuna onartzen da PSOEn, baina hau printzipio eta balioen kontua da, eta ez iritzi askatasun kontua», esan zuen atzo Roberto Jimenezek.

Jimenezen arabera, PSOEn «zero tolerantzia dago terrorismoarekin», eta ez dute ametitzen «gerturatzerik». «Uriz jakinaren gainean zegoen, baina ez zuen jaramonik egin. Beraz, bera jarri zen zuzen-zuzenean alderdi sozialistatik kanpo».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.