Hamaika Telebista Hedatzeko Taldea osatzen duten sei enpresetako ordezkariak izan dira gaur Bilbon egin den aurkezpen ekitaldian:
Iñaki Altzaga. CMNT - Deia eta Noticias taldeko egunkariak argitarazten ditu.
Gorka Altuna. EHKE - Euskal Komunikabideak Hedatzeko Elkartea. Gara eta Le Journal plazaratzen ditu.
Joanmari Larrarte. EKT – Euskarazko Komunikazio Taldea. Berriaren jabea da eta Hitza egunkarietako bazkidea.
Mikel Astorkiza. Euskaltel – Telekomunikazio operadore globala.
Joxemari Sors. Elkar – Liburu eta disko ekoiztetxea.
Juanjo Landa. Bainet – Telebista eta zine ekoiztetxea.
CMNT, EKHE, EKT eta Euskaltelek %20ko parte-hartzea dute taldean. Elkarrek eta Bainetek, berriz, %10koa.
Euskalteleko Mikel Astorkiza izan da ekitaldiari hasiera eman diona. Astorkizak bereziki nabarmendu du Euskal Herriko sei enpresa garrantzitsuk "euskarazko telebistak sortu eta bultzatzeko egitasmoan" bat egiteak duen garrantzia. Era berean, gogorarazi du Euskaltelek hasieratik izan duela "telekomunikazioen alorrean euskararen alde egitearen kezka".
Gorka Altunak, EKHE komunikazio-taldearen izenean, pozik agertu da sei talde indartsu "proiektu amankomun eta bakar batean" sartu direlako. Sei enpresetatik hiru prentsa arloan lan egiten duten taldeak badira ere, azpimarratu du ohartzen direla telebista arloan gertatzen ari denaz ohartzeko eta "euskarak telebistan duen presentzia ahula" ikusteko. Horrek bultzatuta egin dute bat egitasmoarekin.
Hala ere, Altunak azaldu du, Hamaika taldea sei enpresek osatzen duten arren, "askoz gehiago biltzeko asmoa" dutela. Besteak beste, "Euskal Herriko elkarte, erakunde eta enpresa denak izango direlako beharrezko".
"Euskarazko telebista egitea posible da"
Noticias eta Deia taldeko egunkariak argitaratzen ditu CMNT komunikazio taldeak. Bertako ordezkaria da Iñaki Altzaga eta adierazi du "eskualde bakoitzean euskarazko telebista bat sustatzea" dela Hamaika Telebista Hedatzeko Taldearen xede nagusia.Horretarako abiapuntua, datorren urtarrilean Eusko Jaurlaritzak irekiko duen Tokiko Telebista Digitalen lizentziak lortzeko lehiaketara aurkeztea izango da. Ondoren etorriko da Altzagaren hitzetan "telebista horiek hornitzeko programa eta albistegien" ekoizpena.
Xede hori betetzea posible dela azpimarratu du EKTko Joanmari Larrartek eta mezu argi eta baikorra zabaldu die euskal herritarrei: "Euskaraz telebista egitea posible da. Zaila da, garestia da, denon esfortzua eskatuko du...baina posible da. Ez da ezinezko". Ildo horretatik, Hamaikak "ilusio" berri honetan parte hartzeko deia egin die "eragile eta euskaltzale guztiei".
Komunikabideak
Tokiko euskarazko telebista digitala bultzatzeko Hamaika enpresa taldea osatu dute
Hamaika Telebista Hedatzeko Taldea osatu dute Euskal Herriko sei enpresa indartsuk. EKT (Berria argitaratzen du), EHKE (Gara eta Journal), CMNT (Deia eta Noticias), Euskaltel, Elkar eta Bainet elkartu dira datozen urteetan "eskualdez eskualde euskarazko telebistak sortzeko" egitasmoan. Egitasmoak, gainera, babes zabala lortu du gizartean ere eta horren erakusle izan da aurkezpenean bildu den jendetza. Komunikazioko jende ezagunaz gain kultura, politika, kirola eta gizarte alorreko lagun ugari izan da gaur Bilbon.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu