Tolosa eta Lezo tentsio handiko eremu izendatu ditu Eusko Jaurlaritzak

Erabakia behin betikoa izanen da Espainiako Aldizkari Ofizialean argitaratzen dutenean.

Emakume bat salgai dauden etxebizitzen irudiei begira, Bilboko etxe agentzia batean.  LUIS TEJIDO / EFE
Emakume bat salgai dauden etxebizitzen irudiei begira, Bilboko etxe agentzia batean. LUIS TEJIDO / EFE
Isabel Jaurena.
2025eko abenduaren 30a
10:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Tolosa eta Lezo (Gipuzkoa) tentsio handiko eremu izendatu ditu Eusko Jaurlaritzak. Hain justu, Euskal Autonomia Erkidegoko aldizkari ofizialean gaur argitaratu dute Denis Itxaso Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailburuaren agindua. Erabakia behin betikoa izanen da Espainiako Aldizkari Ofizialean argitaratzen dutenean. Espainiak 2023an onartutako Etxebizitza Legeak jasotzen duen izendapen horrek zenbait tresna eskaintzen dizkie udalei alokairuaren prezioari mugak jartzeko eta alokairu eskaintza handitzeko.

Tentsio handiko eremu izateko bi baldintza ezartzen ditu legeak, eta gutxienez horietako bat bete behar da. Batetik, udalerri horretako etxebizitzen prezioek EAEn erregistratutako KPIa baino %3 gehiago egin behar izan dute gora azken bortz urteetan. Bertzetik, alokairuaren eta etxeko oinarrizko horniduren gastuak (ura, argindarra, etxepeko gastuak...) etxeko diru sarreren %30 baino gehiagokoa izan behar du gutxienez.

Hegoaldeko hiriburu guztiak

Hego Euskal Herriko lau hiriburuak dira jada tentsio handiko eremuak bizitegi alorrean. Urriaren hondarrean jaso zuten izendapena Bilbok eta Gasteizek, Astigarraga eta Usurbil (Gipuzkoa) udalerriekin batera. 

Gipuzkoan, beraz, bederatzi izanen dira tentsio handiko eremutzat jotako udalerriak: Errenteria, Irun, Zumaia, Lasarte-Oria, Donostia, Astigarraga, Usurbil eta gaur izendatutako biak, hau da, Tolosa eta Lezo. Bizkaian, hiriburuak ez ezik, Barakaldok eta Galdakaoko bigarren barrutiak ere badute izendapena.

Arabari dagokionez, Gasteiz da tentsio handiko eremu bakarra, eta salbuespen bat ere bada tartean: hirigunetik kanpoko toki entitate txikiek osatutako landa eremua. Izendapena ez da aplikatzen ahal inguru horretan.

Nafarroan daude izendapen hori duten udalerri gehien. Guztira 21 udalerri izendatu dituzte tentsio handiko eremu, herrialdeko populatuenetakoak: Iruñea, Lizarra, Tutera, Eguesibar, Burlata, Barañain, Zizur Nagusia, Aranguren, Berriozar, Tafalla, Antsoain, Atarrabia, Elortzibar, Corella, Baztan, Altsasu, Uharte, Cintruenigo, Berriobeiti, San Adrian eta Azkoien.

Iparraldean bi lege

Ipar Euskal Herrian, berriz, alokairuak arautzen dituen legea dago indarrean iazko azarotik. Gaur egun, Lapurdiko 24 herrik osatzen dute etxebizitza arloko tentsio gunea, eta horiei aplikatzen zaie legea: Ahetze, Angelu, Arbona, Arrangoitze, Azkaine, Basusarri, Baiona, Bidarte, Biriatu, Bokale, Donibane Lohizune, Getaria, Hendaia, Hiriburu, Jatsu, Larresoro, Lehuntze, Miarritze, Milafranga, Mugerre, Urruña, Urketa, Uztaritze eta Ziburu.

Berez, legeak alokairuen prezioak mugatzen ditu, herrika eta auzoka ezarriak: lau eremu bereizi dituzte, eta bakoitzari erreferentziako alokairu prezio bat ezarri, gastuak kanpo, gela kopuruaren, eraikitze urtearen eta bertze zenbait elementuren arabera. Herritarrek, baina, maiz kritikatu dute arau hori: Aldaren ustez, erraterako, neurriak zorroztu behar dira, eta beste batzuk ere ezarri.

Turismorako etxebizitzak alokairuan jartzeko baldintzak finkatzen dituen bertze lege bat ere badago: konpentsazio legea. Tentsiopean diren 24 herriei aplikatzen zaie arau hori ere, 2023ko martxoaz geroztik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.