Tolosako ospitaleak «proiektu argi bat» eta «oinarri tekniko sendoak» falta dituela uste du EH Bilduk

Zalantzan jarri du zerbitzu hobea eskaintzeko gaitasuna duen ala ez, Asuncion klinikak baino ohe eta ebakuntza gela gutxiago izango baititu.

Alberto Martinez, iragan astean, Tolosan. MAIALEN ANDRES / FOKU
Alberto Martinez, iragan astean, Tolosan. MAIALEN ANDRES / FOKU
jakes goikoetxea
2025eko uztailaren 16a
17:45
Entzun 00:00:0000:00:00

Tolosako (Gipuzkoa) ospitale publikoaren proiektuari buruzko xehetasunak eman zituen iragan astean Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak. 2030ean zabaldu nahi dute. Urte askotan ospitale publiko bat eskatu eta haren hutsunea jasan eta gero, pozik hartu dute proiektua Tolosaldean. Eskualdeko EH Bilduk txalotu egin du Eusko Jaurlaritzak proiektuaren aldeko apustua egin izana. Hala ere, kexu da proiektuari buruzko informazioa falta delako eta gabeziak dituela uste duelako: «Tamalez, egitasmoak ez du atzean ez planifikazio serio eta partekaturik, ez proiektu argirik, ezta oinarri tekniko sendoetan oinarritutako planteamendurik ere».

Martinezek, agerraldian, Tolosako ospitaleari buruzko zenbait datu eman zituen. 74 ohe izango ditu. Datu hori kontuan izanda, Tolosaldeko EH Bilduk galdera bat egin dio Martinezi: «Nola eman asmo da zerbitzu hobea egun [Tolosako] Asuncion ospitalean dauden baino ia 50 ohe gutxiago izanda?». Antzekoa gertatzen da ebakuntza gelekin: ospitale publikoak hiru izango ditu; Asuncionek bost ditu. Datu horiei Martinezen hitzak gehitu behar zaizkie: haren arabera, Tolosako ospitalea ez da izango eskualderako ospitalea soilik, prozedura diagnostikoak eta proba osagarriak egiteko erreferentzia ere izango da Gipuzkoan.

Asuncion aintzat hartu beharra

Asuncion klinika aipatu du Tolosaldeko EH Bilduk. Koalizioaren ustez, Martinezen jakinarazpenak «akats nabarmen bat» du: «Ezin da etorkizuneko planifikaziorik egin Asuncion klinika existituko ez balitz bezala. Ikuspegi integrala duen konponbidea behar dugu Tolosalderako». Plangintza sendoa, proiektu argia eta herritarren beharrei egokitutako planteamendu serioa eskatu dizkiote Eusko Jaurlaritzari.

EH Bilduk Tolosako ospitaleari buruzko galderak egingo dizkio Martinezi Eusko Legebiltzarrean, iragan astean eman ez zituen datuak jakiteko asmoz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.