Tolosaldean gertatutako eraso matxista gaitzetsi du mugimendu feministak

Ertzaintzak 71 urteko gizon bat atxilotu du, adingabe baten aurkako sexu erasoa leporatuta. «Erasoei aurre egiteko antolakuntza eta autodefentsa feministarako deia» egin dute.

Indarkeria matxista salatzeko protesta bat Tolosan, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU
Indarkeria matxista salatzeko protesta bat Tolosan, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
2025eko uztailaren 10a
12:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Ertzaintzak 71 urteko gizon bat atxilotu zuen joan den astean, 16 urteko adingabe bati sexu erasoa egitea eta «adingabea galbideratzea» leporatuta, diru kopuru baten truke sexu harremanak izatera behartzeagatik. Ataria hedabidearen arabera, Tolosaldean izan da erasoa. Bertako mugimendu feministak erasoa gaitzetsi du, eta biktimari babes eta elkartasun osoa helarazi.

Adingabeak salaketa jarri zuen Ertzaintzan joan den asteartean. Iazko urte amaieratik gizon batekin sexu harremanak izatera behartuta egon zen, topaketa bakoitzaren ondoren hark ematen zion diru kopuru baten truke. Ostegunean, akusatua espetxeratzeko agindua eman zuen epaileak.

«Neska honen aurkako erasoa emakume guztion kontrako erasoa da», salatu du mugimendu feministak, eta nabarmendu «sexu esplotazioa giza eskubideen aurkako eraso larria» dela. «Beraz, jendarte osoak erantzun behar du halakoei aurre egiteko». Gainera, biktima adingabea izateak «babesgabetasuna eta zaurgarritasuna» areagotzen dituela ohartarazi dute.

Bost adingabetik bat

Mugimendu feministak jakinarazi du Europan bost adingabetik bat sexu erasoen biktima dela, eta erasotzaileen gehienak familia inguruko «konfiantzazko gizonak» direla. Hortaz, argi utzi dute erasoa ezin dela «zoro batek» egindako «gertaera bakantzat» hartu. «Erro estrukturala du, eta bizi garen sistema heteropatriarkal eta matxista honek babesten duen gertaera bat da». Izan ere, esan dute emakumeek jasaten dituzten eraso matxistak ezinbestekoak direla «sistemak bizirik iraun» dezan.

Hori ikusita, Tolosaldeko mugimendu feministak dei egin dio gizarteari, indarkeria matxista salatu dezan eta horri aurre egiteko neurriak har ditzan. Are, uste du badela garaia sexu erasoak jasan dituzten emakumeen erreparazioan urratsak egiteko. «Tolosaldeko mugimendu feministako kideok erasoei aurre egiteko antolakuntza eta autodefentsa feministarako deia egiten dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.