Guztiz publikoa izanen den ospitale bat izatea Tolosalderako (Gipuzkoa), zerbitzu guztiak bilduko dituena. ELAk eta LABek eskaera horixe zabalduko dute karrikan hilaren 22an. Izan ere, esplikatu dutenez, egunotan Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak ospitale berriaren inguruan eman dituen xehetasunek erakusten dute baldintza horiek ez direla bermatuko.
Asuncion klinikako langile batzordeak agerraldia egin du gaur, eta orduan eman dute mobilizazioaren berri. Esplikatu dute 350 lagunek lan egiten dutela klinikan, eta ez dutela «inolaz ere» bermatua bertan lanean jarraitzeko aukera: «Langile asko urte luzez aritu dira eskualdeko herritarrei zerbitzu publikoa ematen, pribatizatuta eta egoera kaskarrean». Haien irudiko, Osasun Sailak mahai gainean jarri duen proposamenak «soluzio partzial bat» eskaintzen du, «denboran mugatua», eta ez dute ontzat ematen.
Proposamen horren berri Martinezek eman zuen, iragan astean egindako prentsaurreko batean. Haren erranetan, Asuncion klinikako egungo langileek «lehentasuna» izanen dute ospitale berriko kontratazioak egiten direnean; eta behin-behineko moduan sartuko lirateke, eta, beraz, lanpostua ez lukete ziurtatua izanen. Erabaki hori, gainera, ez da behin betikoa, Osakidetzako Mahai Sektorialak onartu behar baitu.
Tolosaldeko ospitale publikoaren auzia ez da berria. Asuncion klinika pribatua den arren, zerbitzu publikoa eskaintzen du, Osakidetzarekin duen hitzarmen bati esker. Herritar anitz, baina, ez daude ados eredu horrekin, eta urteak daramatzate ospitale publiko bat eskatzen. Hala, gaurko agerraldian erran dute ez dagoela bermerik ziurtatzeko Osasun Sailak martxan jarri asmo duen ospitale berria guztiz publikoa izanen dela, «Donostialdeko ESItik zintzilik dagoen bereizmen handiko anbulatorio baten itxura baitu».
Horregatik, Asuncion klinikako langileek Martinezi eskatu diote subrogazioaren alde egiteko edo ospitale berrian subrogatuak izanen direla bermatzeko. Eskaera hori ere azaroaren 22ko manifestaziora eramanen dute, eta Tolosaldeko alkateei eskatu diete langileen subrogazioa bermatzen ez bada proiektua «ontzat ez» emateko. «Langileek lan eskubideen defentsan jarraituko dugu, eta Tolosaldeak behar duen bestelako osasungintza publikoaren alde borrokan», borobildu dute.