Beste gazte batek ere salatu du foam jaurtigai baten kolpea hartu izana Tolosan: hura kontatuta, hiru dira

Hiru gaztek salatu dute Tolosako inauterietan Ertzaintzaren foam jaurtigaiek aurpegian eman zietela, BERRIAk jakin duenez. Villabonako gazteari ebakuntza egin diote begian, eta ondo atera da.

Tolosan egindako elkarretaratzea, larunbatean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Tolosan egindako elkarretaratzea, larunbatean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
xabier martin
2024ko otsailaren 20a
18:20
Entzun

Tolosako inauterietako astelehen goizaldean Ertzaintzak egindako oldarraldian ez zuten Villabonako (Gipuzkoa) 16 urteko gaztea soilik zauritu. Larunbatean, Tolosan egindako elkarretaratze batean, begian larri zauritutako gaztearen familiak jakinarazi zuen beste gazte batek ere hartu zuela foam jaurtigai baten kolpea oldarraldi berean, kale berean, hura ere 16 urteko gazte bat; hark sudur inguruan hartu zuen kolpea. Bada, bi zauritu horiez gainera, bada beste bat, BERRIAk jakin duenez.

Beraz, Ertzaintzaren esku hartzearen ondorioz, hiru zauritu izan ziren behintzat, taberna batean hasitako istiluei aurre egiteko operazioak kalean bukatu eta gero. Hirugarren zauritu horrek epaitegietan salatu du gertatutakoa, Villabonako gaztearen familiak bezala. Foam jaurtigaien kolpea hartu zuten hiru gazte horietako bat emakumea da, eta beste biak, berriz, gizonak.

Ebakuntza egin diote

Begian zauri larria duen gaztea gaur izan da ospitalean berriro, ebakuntza egitera joan baita. Ebakuntza «oso ondo» atera da, «medikuek aurreikusi bezala», haren aita Jon Pazosek esan duenez. Batik bat erretinaren haustura gerarazteko egin diote ebakuntza, laser bidez.

«Begiaren erdi-erdian, makulan, kolpe oso handia du, eta hor ere saiatu dira esku hartzen». Pazosek azaldu du silikona kristalinoa sartu diotela, «lente moduko bat», eskuin begiko ikusmena hobetzeko helburuz. Gero, beste ebakuntza baten bidez, kendu egin beharko diote silikona hori. Gaur bertan jasoko dute etxera joateko baimena, anestesia behar bezala bota ondoren.

Edonola ere, familiak badaki foam jaurtigaiaren kolpeak ondorioak izango dituela begiaren ikusmenean. Aurrerago jakingo dute zer ondorio utziko dituen, baina onartuta daukate gazteak ez duela lehen bezala ikusiko. Pazosek argi esan du haren semea ez zela istiluetan parte hartzen ari, «jai giroan baizik, festan».

Elkarretaratze jendetsu batek «indarkeria poliziala» salatu zuen Tolosan larunbatean, eta agintariei «gardentasuna eta guzti-guztia» ezagutaraztea exijitu zieten; atzo, beste protesta bat egon zen Bilbon, Iñigo Cabacas plazan, Ertzaintzaren pilotakada batek Cabacasen heriotza eragin zuen plazan, hain zuzen. 

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Josu Erkorekak, berriz, gertakarien astean esan zuen martxan jarri dituela Tolosako auzia argitzeko «neurri guztiak». Sailburuak azpimarratu zuen «Ertzaintzaren beraren» ekimenez hasi direla kasua ikertzen, «inoren salaketaren zain egon gabe, «gardentasun guztiarekin» argitu dadin Poliziak inauterietan zauritutako gaztearen auzia. Orain ez da gazte bakarraren auzia, hirurena baizik, behintzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.