Astigarragan hil zuten Tomas Alba, 1979ko irailaren 28an. Donostiako HBko zinegotzia zen Alba tiroz hil zutenean. Sei urteren ostean BVE Batallon Vasco Español taldeko bi kide zigortu zituzten haren hilketagatik.
40 urte geroago omenaldia egin diote Albari Donostiako Udalean. Bertan izan dira haren senideak, Astigarragako alkatea eta baita udalbatzan ordezkaritza duten alderdi guztiak ere: EAJ, EH Bildu, PSE-EE, Elkarrekin Podemos eta PP.
Eneko Goia alkateak salatu du "modu bidegabe eta krudelean" hil zutela politikaria, eta nabarmendu ez dutela ahaztuko. "Etorkizunari ilusioz aurre egin behar diogu, baina iragana ahaztu gabe", esan du Goiak eta memoria, justizia eta erreparazioa eskatu du biktima guztientzat.